Zerbitzu publikoak indartzeko eskatu dute beste behin
LAB, ELA, CCOO, SATSE, ESK eta STEILAS sindikatuek deituta, gaur kontzentrazioak egin dituzte sektore publikoko lantoki guztietan. Gernika-Lumon eta Bermeon elkarreraratzeak egin dituzte.
Sektore publiko osoan burututako mobilizazioen eta apirilak 22ko greba-egunaren ostean, sindikatuek salatu dute instituzioek ez dietela erantzunik eman euskal sektore publikoko milaka langileek egindako eskaerei. Hori horrela, LAB, ELA, CCOO, SATSE, ESK eta STEILAS sindikatuek deituta, gaur kontzentrazioak egin dituzte sektore publikoko lantoki guztietan. Gernika-Lumon eta Bermeon elkarreraratzeak egin dituzte; udaletxe eta kultur etxearen aurrean hurrenez hurren.
Ekainaren 5ean, berriz, manifestazioak deitu dituzte Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hiriburuetan. Bilbo 11:30ean batuko dira Arriaga aurrean.
Eskaerak. Sindikatuek diote enplegu publikoa sortzea eta sektore publikoko milaka behin-behinko langileen kontsolidazioa “ezinbesteko aldarrikapena” dela azken urteetan martxan jarritako politikei aurre egiteko: “Murrizketak, austeritatea, pribatizazioak, lan-baldintzen prekarizazioa, enplegu suntsipena, eta gure sektore publikoaren etengabeko ahultzea, besteak beste”. Izan ere, azpimarratu dute langile horiek urte luzez aldi baterakoak izan arren, “zerbitzu publikoak aurrera ateratzen dituztela egunero”, eta horien ahalegina eta inplikazioa “ezinbestekoa” dela.
Administrazio guztietan daukaten behin-behinekotasun tasa “onartezintzat” jo dute: “Eusko Jaurlaritzak berak onartu du gure sektore publikoak Espainiako eta Europako behin-behinekotasun tasa handiena duela. Tasa %40tik gorakoa da, eta ez da salbuespena, administrazio, sektore eta eremu guztietan sistematikoki, modu orokorrean eta kasu askotan iruzurrez errepikatzen den errealitatea baizik”. Sindikatuen kideentzat premiazkoa da egoera horri irtenbide egokia ematea.