Mundakako gune urdina martxan egongo da bihartik
Bihar hasi eta irailaren 30era, 08:30etik 20:30era, Mundakako herritarrek lehentasuna edukiko dute herriko araututako aparkalekuetan
Ekaina hasteagaz batera martxan hasiko da Mundakan gune urdina edo araututako aparkalekua. Udal arduradunek azaldu legez, aparkaleku falta da udaro mundakarrek aurre egin beharreko “oztopo nagusietako bat”. Hala, herritarrek herrian aparkatzeko lehentasuna eduki dezaten aurten ere gune urdina ezartzea erabaki dute, bihartik irailaren 30era arte.
Araututako aparkalekuaren ordutegia iazko bera izango da: 08:30etik 20:30era. Herriko udaltzainak arduratuko dira aparkaleku horien kontrolaz. Gune urdina herriko leku hauetan dago: Geltoki aldea, Ermen- duburu kalea eta Mondollu; Portutxu eta Basamortu kalea; Artxa gunea, Portua eta Txorrokopunta pasealekua eta Erreka eremua. Erreka eremua, gainera, aurten oso-osorik gordeta egongo da herritarrentzat, “aurreko urteetan ez bezala”.
Isunak garestitu. Azken osoko bilkuran ordenantzan zenbait aldaketa egitea onartu zuten alderdiek. Hala, araututako aparkalekuaren ordenantzaren 10. artikulua aldatu egin da; bizilagunen titulartasuna zehazterakoan, ez da mugatu herriko eremu jakin baterako bakarrik. Hau da, gune urdina erabiltzeko agiria daukaten herritarrek herriko edozein gune urdin erabili ahal izango dute aurrerantzean.
Zigorren zenbatekoa ere aldatu egin dute. Orain arte, arau-hauste arina 40 eurokoa zen, eta aurrerantzean 100 eurokoa izango da. Arau hauste larriek, berriz, 150 euroko isuna izango dute, eta ez 60 eurokoa lehen modura. Ordenantzan egin dituzten bi aldaketak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnean sartuko dira indarrean.
ekainaren 23tik irailaren 7ra martxan egotea. Ekainaren 23ra atzeratzea proposatzen zuen, “eskola oraindik martxan dagoelako, eta gune urdinaren erabilerak arazorik ez sortzeko”. Irailekoa, berriz, aurreratzea proposatzen zuen, Mundakan bigarren etxebizitza daukatenak “normalean abuztuaren amaieran joaten direlako”. EAJk eta EH Bilduk data aldaketaren aurka bozkatu zuten. EH Bildukoek uste dute, gainera, gune urdinaren erabilera zenbait asteburutara eta Aste Santura ere zabaldu daitekeela, eta ez bakarrik uda sasoira mugatu.
Aurten, hala ere, hiru leku gordeko dituztela esan du alkateak: “Udalerrian egin beharreko lanekin lotuta dauden ibilgailuentzat izango dira hiru leku horiek”. Errekan egongo da bat, bestea Kasinoaren inguruan eta hirugarrena Islakalen. Aparkaleku horien ordutegia 08:30etik 14:00etara izango da.