Markel Aranok bere marka hobetu du Espainiako Txapelketan
Txapelketan lortutako emaitza onei esker, datorren denboraldian goragoko kategorian aritzeko aukera edukiko du.
Asteburuan Albaceten jokatu den Espainiako atletismo egokituko pista txapelketan emaitza onak eskuratu ditu Basauriko Ascensores Bertako-Javi Conde taldeko Markel Arano atleta natxituarrak. 400 eta 800 metroko lasterketetan parte hartu zuen, eta lehen postuak eskuratzeaz gain, marka pertsonala hobetuta ere bueltatu da.
400 metroko lasterketa lehen postuan amaitu zuen; 1.04,98 behar izan zuen proba amaitzeko. 800 metrokoa, ostera, bigarren amaitu zuen; bere marka pertsonala 9 segundotan jaitsita, 2.36.79 behar izan zuen proba amaitzeko. Proba biak “ziztu bizian” egin zituen, baina ezarrita dagoen gutxieneko marka baino azkarrago amaitu zituenez, podiumera igotzeko aukerarik barik geratu zen.
Dominarik lortu ez badu ere, lortutako emaitza onei esker datorren urtean gorengoko kategorian aritzeko aukera edukiko du. Natxituarrak txapelketan lortutako emaitzagaz “pozik” agertu da Javi Conde taldeko arduraduna. “Sekulako maila erakutsi du, eta ezusteko ederra eman digu. Oso gogor entrenatu du, eta hori igarri da emaitzetan ere”.
Basauriko Ascensores Bertako-Javi Conde taldea, gainera, hirugarren urtez jarraian Espainiako talde onena izan da. Condek pozik daudela azpimarratu du. “Zaila zirudien arren, emakumezkoetan zein gizonezkoetan talderik onena izan gara. Horrek aurrera begira lanean jarraitzeko indarra eta bultzada ematen digu”.