Janire Arrizabalagak irabazi du Bizkaiko Eskolarteko Txapelketa
Igorren jokatu zuten zapatuan Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, eta Arrizabalaga izan zen onena. Udazkenean jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko finalera ere sailkatu da bertsolari gernikarra. Idatzizko txapelketako sariak ere banatu zituzten.
Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa jokatu zuten zapatuan zortzi bertsolari gaztek, Igorren. Puntu gehien eskuratuta, Janire Arrizabalaga gernikarrak jantzi zuen txapela.
Hiru kanporaketa izan ditu eskolartekoak eta guztira 21 bertsolarik parte hartu dute. Horietatik zortzik kantatu zuten Igorreko Lasarte aretoan. Arrizabalagagaz batera, oholtza gainera igo zen Jokin Ansotegi gernikarra. Eurekaz batera aritu zuren Araitz Katarain, Ixone Asategi, Izaro Bilbao, June Diaz, Maialen Lago eta Peio Lago.
Agurren ostean, zortziko handiko eta txikiko ariketak egin zituzten gazteek, eta finaleko buruz burukora nortzuk sailkatzen ziren jakiteko gai bati buruzko bertso bat bota zuten. Ariketa horiek eginda, Diaz eta Arrizabalaga sailkatu ziren buruz burukora. Puntuari erantzun eta gai bati bertso bana bota behar izan zioten atal horretan. Azkenean, Janire Arrizabalagak batu zituen puntu gehien, eta beraz, berak lortu zuen 2021eko Bizkaiko eskolarteko txapela.
Txapela Kepa Intxausti Arratiako bertsolariak ipini zion. Sari banaketa ekitaldian Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Juanjo Respaldiza Ikastolen Elkarteko ordezkariak parte hartu zuten, eurak baitira lehiaketa antolatzen duten elkarteetako ordezkariak.
Bat-bateko finalean Igor Menika aritu zen aurkezle lanetan, eta Ander Arrienek, Iñaki Aurrekoetxeak eta Leire Etxebarriak osatu zuten epaimahaia. Idazkari beharretan, ostera, Idoia Anzorandia aritu zen.
Arrizabalaga eta Diez, gainera, udazkenean jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko finalera sailkatu dira.
Idatzizkoan ere, saridunak. Bat-batekoa ez ezik, idatzizko txapelketa ere egin dute aurten. Gazte asko batzea ezinezkoa zenez, ikastetxeetan eta bertso eskoletan egin da idatzizko txapelketa, eta zapatuan banatu zituzten sariak. Saridunek oholtza gainean kantatu zituzten eurek egindako bertsoak.
2010ean jaiotakoak
- 1. Saria: Onintza Galdos
- 2. Saria: Aiur Areitio
- 3. Saria: Martzelo Lekue Campos
2009an jaiotakoak:
- 1. Saria: Beñat Enbeita
- 2. Saria: Katalin Respaldiza
- 3. Saria: Luka Astiz
2008an jaiotakoak:
- 1. Saria: Naroa Iturriotz
- 2. Saria: Andrea Capetillo
- 3. Saria: Maddi Alberdi
2007an jaiotakoak:
- 1. Saria: Garazi Uriarte
- 2. Saria: Jasone Martin
- 3. Saria: Ixone Itziar del Corte
2006-2003 urte bitartean jaiotakoak:
- 1. Saria: Haizea Telleria
- 2. Saria: Enetz Martitegi
- 3. Saria: Garazi Ibarretxe