Izaro Sub klubeko Yaiza Romero Euskadiko txapeldun eta Lander Aurrekoetxea txapeldunorde geratu dira
Gizonezkoetan Bizkaiko Txapelketa irabazi zuen Sergio de Julian nagusitu da Euskadiko Urpeko Arrantza Txapelketan ere. Bermeoko Izaro Sub klubeko zazpi kidek lehiatu dute txapelketa.
Euskadiko Urpeko Arrantza Txapelketa irabazi du Izaro Sub klubeko Yaiza Romerok eta Lander Aurrekoetxea txapeldunorde geratu da.
Gizonezkoetan Bizkaiko txapeldunak irabazi du asteburuan Ondarroan lehiatu duten Euskadikoa ere, Getxo Sub klubeko Sergio de Julianek. 82.665 puntugaz geratu zen txapeldun (45 pieza eta 1.495 kilo). Lander Aurrekoetxea bermeotarrak 37 pieza harrapatuta (1.500 kilo), 68.690 puntu bildu zituen, eta klub ondarrutarraren Andoni Burgoa hirugarren sailkatu zen. 36 arrainegaz (1.275 kilo) 66.630 puntu lortu zituen Burgoak.
Zortzi klubetako 22 parte hartzailek lehiatu dute asteburuan txapelketa. Izaro Subeko Jon Mikel Bikandi zortzigarren, Bittor Mentxakatorre hamaseigarren, Irkus Lopez de Abetxuko hamazortzigarren, Iñaki Torrontegi hogeigarren eta Jon Gonzalez hogeitabatgarren sailkatu ziren.
Bi egunez arrantzatutako piezak Greziako Lesbosen dauden errefuxiatuei otorduak ematen dizkien Zaporeak elkarteari eman dizkiete.