Garaipenagaz amaitu dute liga
Gernika RTk eta Getxo RTk osatutako taldeak 17-27 irabazi dio Gaztedi Rugbyri.
Liga eta denboraldia garaipenagaz agurtu dituzte Gernika Rugby Taldeko neskek. Gernika-Lumoko klubaren eta Getxo RTren jokalariekin osatutako taldeak 17-27 irabazi zion Gaztedi Rugbyri atzo, Gamarran (Gasteiz).
Partidu oso gogorra izan zela adierazi dute talde gernikarrekoek: “Gaztedik oso ondo planteatu zuen partidua, oso indartsu egon ziren. Partidua oso parekatuta egon zen denbora guztian, baina azkenean lortu genuen partidua kontrolatzea”.
Azken fase honetan hiru talde aritu dira lehian, eta faseko txapeldunak dira gernikarrak eta getxoztarrak. Hain zuzen, lesioengatik taldeak osatzeko arazoak eduki zituzten bi klubek, eta azken faseko bi partiduak lehiatu dituzte alkarregaz. “Aukera ona” izan da jokalarientzat, eta emaitza ere halako izan da.
Izan ere, bi partiduak irabazi dituzte. Lehenengoa Urbietan jokatu zuten maiatzaren 22an, eta Universitario Bilbaori 24-19 irabazi zieten. “Ikasteko ere ondo etorri zaigu. Gutxi jokatzetik etorri gara, eta erritmoa eduki ahal izatea asko izan da guretzat. Esperintzia oso ona izan da, oso giro onean egon gara, oso gustura, eta kirol arlotik, errugbi asko egon da. Hamabost jokalarigaz jokatzeko aukerarik ez dugu eduki denboraldi osoan, eta honi esker bai”.
Gizonezkoen eta beste kirol batzuen aldean, denboraldi laburragoa izan da eurentzat. Berandu hasi ziren entrenatzen, urtarrilean, eta aurreko urteetan baino partidu gutxiago jokatu ahal izan dituzte: “Denboraldia gogorra izan da, lesio asko eduki ditugu eta oso justu egon gara. Murrizketegatik oso berandu hasi genuen denboraldia, eta ziurgabetasuna eduki dugu ez genekielako zer pasatuko zen partiduekin. Guk datorren denboraldirako ere gogoz jarraituko dugu, eta gugaz jokatzera etorri nahi dutenak pozik hartuko ditugu. Ea jendea animatzen den”.