Herriko txakurren egoera aztertzen ari da Bermeoko Udaltzaingoa
Joan den astean abiarazi zuten kanpaina berria, txakurren jabeei udal araudia gogorarazteko, eta ordenantza bete egiten dela bermatzeko.
Joan den astean hasi zen Bermeoko Udaltzaingoa herriko txakurren egoera aztertzen. Horretarako, kanpaina berezia martxan jarri zuten.
Azaldu dutenez, udaltzainek txakurren zaintza areagotuko dute, espazio publikoetan indarrean dagoen ordenantza betetzen dela bermatzeko: “Mikrotxiparen presentzia, udalerrian erroldatuta egotea eta txakur arriskutsuen lizentziak egiaztatzen ibiliko dira, besteak beste”.
Udal ordezkariek gogorarazi gura izan dute, txakurra paseoan ateratzekoan jabeak segurtasun baldintzak bete beharko dituela; hau da, uhalarekin eroan beharko du edota muturrekoagaz, hala badagokio. Zenbait txakurrek behar duten lizentzien berri izateko Berhaz edo Zerbitzu Sailera hurbildu beharko dela ere gogora ekarri dute. Gainera, erroldaren kontrol gaurkotua edukitzeko, txakurren bajak edo jabe aldaketak udalari jakinarazi behar zaizkio.
Jakitera eman dutenez, Bermeon 2.784 txakur daude erroldatuta, eta iaz udaltzainek 59 salaketa jarri zituzten udal ordenantza urratzeagatik. Hala eta guztiz ere, oro har, txakurren jabeek legedia betetzen dutela esan dute.
Urte osoan txakurren egoera aztertzen badute ere, joan den astean martxan jarritako kanpaina “berezia” dela diote. Izan ere, herritarren aldetik animalien zaintza zorrotzagoa izan dadin lortu gura da, “bizikidetza hobetu asmoz”.