Goiz pasa egin dute Bizkaigane gaztandegian
Ekainaren 13an Mikel Landaren Basoko Bizigaiak ezagutzeko aukera izango dute, Busturian bertan.
Busturiko Auzholan elkarteak antolatutako bigarren bisita gidatuan, Errigoitira joan dira, Bizkaigane gaztandegira, hain zuzen ere. Zapatuan, goiz pasa egin zuten bisitan parte hartu zuten ume zein nagusiek.
Eskualdean ez ezik, Bizkaigane Euskal Herri mailan “erreferente” dela aipatu dute Auzholan elkartetik: “Lehen sektoreko ekoizle biologiko historikoa dugu, 30 urte baino gehiagoko ibilbidea daukate”.
Lehenik eta behin, Bizkaiganeren filosofiaren azalpenak entzun zituzten. Ondoren, “hiegiene baldintza zorrotzak” jarraituta, gelaz-gela ibili ziren esnekien prozedurak entzuten. Hala, gazta ezberdinak egiteko moduak eta berezitasunak ikasi zituzten, baina, era berean, gazta horiek guztiak egi bihurtzeko lanaren antolakuntza zelakoa izan behar den ezagutzeko aukera ere eduki zuten.
Animalien gunea ere bisitatzeko aukera eduki zuten, batez ere, umeen gozamenarako. Horiekin zelan lan egiten duten ere ikusi ahal izan zuten. Amaitzeko, bisitan ikusi zituzten jaki guztiak probatzeko aukera eduki zuten.
Hurrengo bisita herrian. Datorren hilabeteko bisita herrian bertan egingo dute, hain zuzen ere, Mikel Landaren Basoko Bizigaiak ezagutzeko aukera izango baitute. Shiitake zizak eta basoko fruituen ekoizpena egiten du Landak Busturiko Goierri-Larrazabale auzoan. Auzholan elkartearen hirugarren bisita gidatua ekainaren 13an izango da (domeka).