Emakumezko eskuzko pilotarien lehen klub profesionala sortu dute: Ados Pilota
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten kluba Leitzan. Klubagaz txapelketa gehiago jolastea, euren lan baldintzak hobetzea eta emakumezko pilotarien oinarria sendotzea bilatu gura dute. 'Plazaz plaza' izeneko binakako txapelketa ere aurkeztu zuten.
Beste salto bat eman dute emakumezko eskuzko pilotariek, eta lehen klub profesionala sortu dute: Ados Pilota. Ibilbide berri baten lehen urratsa da, gaur arte inoiz ez delako emakumezko eskuzko pilotarien klubik egon.
Emakumezko pilotarien oinarria sendotu gura dutelako, txapelketa gehiago jokatu gura dituztelako, eta euren lan baldintzak hobetu gura dituztelako eman dute saltoa.
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten kluba Leitzan, eta kluba sortzeko “momentu egokia” dela deritzo Olatz Arrizabalaga pilotari gernikarrak: “Bospasei urte daramatzagu pilotan jokatzen, eta aurrerapauso asko eman diren arren, beste salto bat emateko momentua dela uste dugu”.
Hasieran, profesional gisa jokatzera ohitu behar ziren emakumezkoak, eta egoerara egokitu dira. Gero, Master Cupek antolatutako txapelketak jokatzen hasi ziren, telebistan, eta ikusgarritasuna lortu zuten. Baina ez dela nahikoa uste dute: “Entrenamenduak gure kontura egiten ditugu, eta ailegatu da puntu bat, gure partetik eta bai jendean partetik, gehiago eskatzen dugula. Uste dugu entrenamendu edo teknifikazio jakin bategaz gure maila asko hobetu daitekeela, gehiago dugula emateko, eta orain da horren alde egiteko momentua. Erakutsi dugu mailaz oso ondo gabiltzala, eta gehiago gura dugu“.
Master Cupek antolatutako txapelketak momentuan momentukoak dira, ez dira urte guztian zehar jokatzen, eta urte guztiko lehiak bultzatu gura dituzte eurek: “Master Cup ondo dago, txapelketak antolatzen dituzte, baina nahiko txapelketa laburrak izaten dira. Honegaz lortu gura duguna da astero txapelketak edukitzea“.
Partidu gehiago jokatzetik haratago, atzean dagoen lanari balioa eman gura diote, baita sendotu ere. “Ados Pilota klubak teknifikazioak bultzatuko ditu, baita prestatzaile fisikoak izatea ere”, azaldu du Arrizabalagak. Eta oinarrian ere “eragin” gura dutela azpimarratu du: “Oinarririk ez dago emakumezkoen pilotan. Bizkaian neska gutxi gara, eta Araban pare bat besterik ez dira. Klubagaz lortu gura dena da goi mailan gauden neskok txapelketak urte osoan zehar izatea eta lan egitea behetik datozen neskei aukerak emateko“.
Izan ere, gazteek emakumezko profesional gehiago ikusiz gero, horrek emakumezkoen pilota bultzatuko lukeela uste du Arrizabalagak: “Gazteek ikusten badute profesionaletara iristeko aukera badagoela, edo behintzat, egoera on batean jolasten jarraitzeko aukera dagoela, uste dut neska gazte gehiago apuntatuko direla pilotara. Ze kasu gehienetan aukera gutxi daudelako uzten dute pilota. Honegaz lortu gura duguna hori da, formakuntza hori txikieri ematea eta aukerak zabaltzea”.
Ez dute enpresa sortu, kluba baizik, “talde giroa sortu gura zutelako”. Bakoitza bere herriko klubetan haztea da asmoa, han hezitzea eta profesionaletara salto egiteko momentuan Ados Pilota klubera jauzi egitea. Gaur gaurkoz, hamahiru pilotari profesionalek eta formazio arloko hiru pilotari gaztek osatzen dute taldea: Maite Ruiz de Larramendi, Iera Agirre, Amaia Aldaregia, Olatz Ruiz de Larramendi, Irantzu Etxebeste, Naroa Elizalde, Eneritz Arrieta, Oihana Orbegozo, Naroa Agirre, Ainhoa Ruiz de Infante, Olatz Arrizabalaga, Amaia Aldai eta Gentzane Aldai dira profesionalak, eta Laia Salsamendi, Ane Mendiburu eta Uxue Oses gazteak.
Plazaz plaza. Kluba finkatzea da hurrengo pausoa, eta hori klubak antolatu duen lehendabiziko binakako txapelketagaz egingo dute: Plazaz plaza. Ekainaren 4an hasiko dute Leitzan, eta leku berean amaituko dute abuztuaren 14an. Hamahiru jardunalditan hamazazpi partida jokatuko dituzte, Euskal Herrian ia guztiak, baina Bartzelonan ere ariko dira pilotariak.
“Txapelketa bategaz hasiko da kluba, erakusteko eraiki duguna ez dela ideia bat bakarrik”, adierazi du Arrizabalagak. Hain zuzen ere, Ane Mendiburugaz ariko da gernikarra: “Gazteak eta profesionalak nahastu ditugu. Ados Pilota klubekook lehiatuko dugu, baina aukera eman gura genien hiru neska gazteri, eta euretako bat da Mendiburu. Gurekin txapelketa jolasteko aukera eman gura genien, bidea zabaltzeko”.
Arrizabalagak eta Mendiburuk ekainaren 13an jokatuko dute lehen partida Otxandion; oraindik zehazteke daude aurkariak.
Txapelketa “oso polita” izango dela dio, izan ere, herriko plazetako frontoietan pilotariak ikustea bultzatu gura dute: “Gure lana da jendea herriko plazetako frontoietara erakartzea. Pandemiak sortutako egoera dela eta, frontoietara oraindik ezin da jendea sartu, eta aprobetxatu gura dugu holako frontoiak dituzten herrietan partiduak jokatzeko. Jendeari erakutsi gura diogu hemen gaudela oraindik”.