700 lagunek Busturialdeko tontorrak bete dituzte
650 tontor jendez betetzeko deia egin zuen Sarek, eta Busturialdeko 700 lagunek onartu zuten erronka zapatuan. Eskualdeko 16 tontor jendez bete zituzten.
Euskal Herriko 650 tontor jendez betetzeko deia egin zuen Sarek, eta Busturialdeko 700 lagunek onartu zuten erronka zapatuan. Eskualdeko 16 tontor jendez bete zituzten, presoen etxeratzearen zein elkarbizitza eta bakearen aldeko pausoak emanez.
Izan Bidea dinamikaren baitan antolatu zuten ekimena, eta eskualdeko 17 herrik parte hartuko zuten deialdian. Herri bakoitzeko tontor bat edo bat baino gehiago igo zituzten herritarrek.
“Une aproposa”. Presoen etxeratzearen auziari behin betiko amaiera eman gura diote: “Euskal jendartearen eta instituzioen adostasuna dugu preso eta iheslariek pairatzen duten salbuespen legediarekin amaitu eta etxerako prozesuari oztoporik ez jartzeko”.
Hasi dela mugitzen orain arte mugitzen ez zena dio Sarek, baina oraindik “ezin dela normalizatu, normalizatu ez dena” uste dute: “Egoera honek ezin du gehiago luzatu”. Presoek Euskal Herrian egon behar dutela eta etxeratzeko prozesua garatu behar dela azpimarratu dute ordezkariek, “gradu progresioa eginez”. Halaber, senideen egoerak ere ezin duela bere horretan jarraitu adierazi dute, “ezin dutelako euren bizia errepidean arriskuan jartzen jarraitu, ezta espetxeetan duten senidea ikusi eta ukitu gabe urte erdia baino gehiago egon”. Guzti horrek konponbidea behar duela aldarrikatu zuten zapatuan.
Argazkiak: Busturialdeko Sare