16 tontor, elkarbizitzarako bidea egiteko
Presoak etxeratzeko bidean kilometroak egingo dituzte zapatuan. Euskal Herriko 650 tontor igotzeko deia egin du Sarek, eta Busturialdean 16 izango dira jendez beteko dituzten gailurrak.
Euskal Herriko 650 tontor jendez betetzeko deia egin du Sarek, eta erronka onartu dute Busturialdeko herritarrek. Presoen eta iheslarien etxeratzearen zein elkarbizitza eta bakearen aldeko pausoak gehitzeko asmoa du Sarek zapatuan, “urratsak emanez, bidea izateko”. Eta bide horretan kilometroak egingo dituzte eskualdekoek, izan ere, Busturialdean 16 izango dira igoko dituzten gailurrak.
Izan Bidea dinamikaren baitan antolatu dute ekimena, eta eskualdeko 17 herrik parte hartuko dute deialdian. Herri bakoitzeko tontor bat edo bat baino gehiago zehaztu dituzte, baita horietara igotzeko nondik eta zein ordutan aterako diren ere. “Ekimen eder eta esanguratsua egitea da gure asmoa, argi erakusteko urratsak emateko prest gaudela, maldan gora edo behera, baina gutziok batera, egoera honekin behin betiko amaitzeko”, azaldu dute Busturialdeko Sareko ordezkariek.
Horregatik, igotzeko errazak eta erosoak diren gailurrak aukeratu dituzte, edonor heltzeko modukoak: “Herriz herri kuttunenak diren tontorrak igoko ditugu, maila altuenetik baxuenera, mendizale amorratuak ez ezik, familiak, haurrak, helduak, zahar eta gazteak igotzen dituztenak. Baita urtean behin mendi buelta txikia baino egiten ez dugun horiek guztiak elkartu gura ditugu ekimen honetan, eta horregatik guztiontzako eskaintza luzatu dugu”.
Parte hartze zabala bermatu gura dute, eta jende askok parte hartzea espero dute. “Gizarte aktibazioa eta instituzioekiko lanketa uztartuz, auzi honi behin betiko aterabidea eman” gura dio Sarek. Gailur bakoitzeko arduradun bat izendatuko dute, eta bera izango da Julio Sotok sortutako bertsoa irakurtzearen arduraduna. Gainera, talde argazkia ere aterako dute mendi bakoitzeko gorenean.
“Une aproposa”. Auziari behin betiko amaiera emateko “une aproposa” dela uste dute Sareko kideek: “Euskal jendartearen eta instituzioen adostasuna dugu preso eta iheslariek pairatzen duten salbuespen legediarekin amaitu eta etxerako prozesuari oztoporik ez jartzeko”.
Hasi dela mugitzen orain arte mugitzen ez zena dio Sarek, baina oraindik “ezin dela normalizatu, normalizatu ez dena” uste dute: “Egoera honek ezin du gehiago luzatu”. Presoek Euskal Herrian egon behar dutela eta etxeratzeko prozesua garatu behar dela azpimarratu dute ordezkariek, “gradu progresioa eginez”. Halaber, senideen egoerak ere ezin duela bere horretan jarraitu adierazi dute, “ezin dutelako euren bizia errepidean arriskuan jartzen jarraitu, ezta espetxeetan duten senidea ikusi eta ukitu gabe urte erdia baino gehiago egon”. Guzti horrek konponbidea behar duela aldarrikatuko dute zapatuan.
Duela urtebete aurkeztu zuen Sarek Izan Bidea dinamika, eta dagoenerako milioi bat kilometro egin dituzte izena eman duten 4.400 pertsonen artean. “Egunero-egunero gero eta gehiago gara ibiltarien sare honen parte, eta dinamika honen baitan kilometro eta urratsak batzen gabiltzanak”.
Bide horretan jarraitu gura dute, eta sare hori “gero eta handiagoa eta zabalagoa” egiteko bidea izan gura duten herritar guztiei urratsak eman eta kilometroak egiteko deia egin die Sarek zapaturako, “etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea egia bilatzeko”.