"Helburu denak bete ditugu eta zaleak gertu sentitu ditugu"
Lointek Gernika Bizkaiako zutabe nagusietako bat izan da Belen Arrojo. Amaitu berri duten denboraldi «desberdin eta historikoaren» errepasoa egin du jokalari granadarrak.
Zelan deskribatuko zenuke 2020-2021 denboraldia?
Bizi dugun egoeragatik, klubarentzat eta guretzat denboraldi arraroa izan da, desberdina, eta alderdi desberdinengatik konplikatua. Publikorik barik jokatzeak asko eragin digu, eta klubarentzat alderdi ekonomikoan eragina eduki du. Balorazioa oso ona da. Perfektua ez, kirolari moduan, anbizioagatik gehiago nahi duzulako eta finalerdia irabazi nahi duzulako. Baina denboraldi historikoa izan da klubarentzat, eta helburu denak bete ditugu. Uste dut egindako lanagatik denok pozik egon behar dugula.
Eta pertsonalki zuretzat zelako denboraldia izan da?
Pertsonalki oso ondo egon naiz, taldekideekin oso pozik eta helburu guztiak betetzen. Pertsonalki ere egindako lanaren balorazio positiboa egin dut, oso pozik nago.
Agurra handia izan da, eta talde handi baten kontra. Kluba lehenengoz sartu da ligako titulua lortzeko finalerdietan. Zelan bizi izan duzue azken txanpa?
Polita, baina aldi berean konplikatua izan zen, final-laurdenaren ostean bi asteko etenaldia eduki genuelako. Nahi edo ez bi aste geratzea, bi astez lehiatu barik egotea konplikatua da. Finalerdia talde handi baten kontra lehiatzea polita da, baina etenaldiko aste horiek eragina eduki zuten gugan. Lehiatu barik entrenatzen egotea ez da denboraldi amaieran nahi izaten duguna, ez da gustatzen zaiguna.
Eurokopa lehenengo zortziren artean amaitu zenuten. Erraz esaten da, baina hori lortzea ez da erraza. Denboraldi honetako Europako esperientzia zelakoa izan da?
COVIDagatik bi astez egon ginen konfinatuta, eta une zailak, gogorrak izan ziren. Etenaldia eduki ez bagenu, agian, bestelako baldintzetan helduta ez dakigu nora arte helduko ginatekeen. Partidu asko batu ziren aste horietan. Hamabost egun konfinatuta egotetik etorri ginen, eta ez dakit zer gertatuko zatekeen etenaldiaren aurretik geunden erritmoan heldu izan bagina. Baina bizitakoagaz oso pozik gaude. Denboraldi honetako esperientzia ere desberdina izan da; burbuiletan aritu ginen. Taldekako fasean egun gutxitan partidu denak jokatuta, ez genenuen tarterik eduki partidu denak hausnartzeko. «Bihar beste partidu bat daukat eta irabazi egin behar dut», pentsatzen genuen. Uste dut burbuila horiek txipa arin aldatzen eta hurrengo partiduan pentsatzen erakutsi digutela.
Zuentzat bereziki gogorra izan zen martxoa. Txapelketa desberdinetako partidu asko pilatu zitzaizkizuen egun gutxitan. Zelan kudeatu zenuten hori egoera hori? Nondik atera zenituzten indarrak?
Partidu asko batu zitzaizkigunez, fisikoki ez genuen erritmo egokia. Hamabost egunez entrenatu barik, batzuk COVIDaren ondorioekin… Erritmoa eduki ez arren, egoera horretan uste dut bihotza atera zitzaigula. Irabazi behar genituen partiduak irabazi genituen, eta hori zen garrantzitsuena. Jokalari guztion bihotza giltzarria izan zen, horrek eman zigun indarra. Partidu garrantzitsuenak aurrera atera genituen. Hankak heldu ezin ziren lekura, gogoak, bihotza eta pasioa heldu ziren. Hori giltzarria izan zen, gakoa. Taldeak bikain aurre egin zion egoerari, denok bat eginda egon ginen. Elkar ondo hartu eta ulertu dugu.
Hain zuzen, jokalariok zein entrenatzaileak talde lana azpimarratu izan duzue askotan.
Denboraldi-aurretik landu dugun gauza bat izan da, eta taldearen konexio horretan hobetzen joan gara. Jardunaldiz jardunaldi norabide horretan lan egin dugu, eta uste dut gure jokoan igartzen joan dela. Azken batean, talde batean hori da bilatzen dena, konexio eta bat egite hori. Pistatik kanpo ondo bazaude, barruan ere ondo egongo zara. Dena da, detaile denek daukate garrantzia taldeak bat egiteko, eta denboraldi-aurretik, egunez egun talde moduan hobetzen, hazten joan ginen. Hasieratik denboraldi amaierara gero eta elkartuago egon gara. Pertsona moduan taldekide denak dira bikainak, apartak. Giro oso ona eduki dugu.
Emozio biziko partidu asko egon dira denboraldian, azken jokaldietara arte ziurgabetasunez betetakoak. Zein gogoratzen duzu bereziki?
Bat baino gehiago dira, baina bata eta azkenetarikoa Estudiantesen kontra etxean jokatutakoa da, oso ondo gogoratzen dut –titulua lortzeko final-laurdenetako bueltako partidua–. Madrilen joaneko partidua galdu genuen, eta sei puntu baino gehiagogatik irabazi beharra geneukan Malosten. Taldea oso nekatuta heldu zen, martxotik partidu asko pilatuta, eta uste dut taldeak esan zuela «orain edo inoiz ez», galduz gero denboraldiko azkenenego partidua izango litzatekeelako.
Denboraldi honetako albiste esanguratsuetako bat Naiara Diez kapitainaren agurra izan da. Azken txanpan, denboraldiko azken hilatebe eta erdian bere hutsunea igarri duzue?
Fisikoki gure alboan egon ez arren, gugaz, gure alboan egon da momentu oro, partidu guztietan animatzen. Taldekideok daukagun txatean bera izaten zen zortea opatzen lehenengoa, eta partidu guztiak ikusi ditu. Lortu duen guztiagatik eta daukadan lagunagatik pozik nago.
Zelan definituko edo deskribatuko zenuke Lointek Gernika Bizkaia taldea?
Gutxi gorabehera aurrerago aipatu dudan moduan. Berba bat esatekotan, batasuna moduan definituko nuke. Eta kidetza. Inoiz ez dugu giro txarrik eduki, eta talde batean hori oso garrantzitsua da. Taldekideekiko, gure balioekiko eta klubarekiko leialak izan gara.
Bi denboraldi bete dituzu Gernikan. Zer eman dizu Lointek Gernika Bizkaiak? Jokalari moduan zer ikasi duzu, zelako garapena eduki duzu?
Malostegaz geratzen naiz, Malostera doan jendeagaz. Pena izan da denboraldi honetan ez delako berdina izan, baina lehen urtean bizitzeko aukera eduki genuen, eta izugarria izan zen. Denboraldi honetan taldera heldu eta hori bizi izan ezin duten jokalariei esaten nien pena zela eurek hori ikusi eta bizi ezin izatea, Maloste zalez beteta ezin izan dutelako ikusi. Denboraldi batetik bestera taldea desberdina da, jokalariak aldatzen dira, baina klubaren esentzia, zaleak, talde teknikoa, zuzendaritza taldea… hori dena da Gernikaren esentzia eta jokalariok bertan gaudenean gustura egotea eragiten dutenak. Denboraldi bi hauek Gernikan bizi izateagatik oso pozik nago, eta irakatsi eta eman didaten guztiagatik oso eskertuta nago. Familia txiki-handi baten modukoa da klub osoa.
Marea granatearen falta zeneukatela behin eta berriro azpimarratu zenuten. Harmailetan ez, baina ohiko moduan ez bada ere, gertu eduki duzue?
Afizioa seigarren jokalaria da, eta bai, gertu sentitu ditugu, babestuta sentitu gara. Taldean aurretik geundenok zein denboraldi honetarako etorritakoek sare sozialetan eta kalean ere sentitu dugu hori. Adibidez, kalean askok eman dizkigute animoak. Gugaz egon dira; lehen momentutik asko babestu gaituzte. Eta horregatik ere oso pozik egon gara, eta aldi berean, denboraldi honetan lehenengoz jokatu dutenak triste ere egon dira, guk aurreko urteetan bizi izandakoa bizitzeko aukerarik ez dutelako eduki.
Taldearen zutabe garrantzitsuenetakoa izan zara. Gernikan segituko duzu?
Oraindik ez dakit. Agenteekin hitz egiten, dena mugitzen hasiko da, baina orain ez dakit, eta jakingo banu ere ezingo nuke ezer esan.
Gernikan zein beste klub batean jokatu, zeintzuk dira hurrengo denboraldirako, etorkizun hurbilerako, zure helburuak, lehentasunak?
Beti esaten dut, nagoen lekuan nagoela, taldekideengatik ikasten segitzea dela helburuetako bat. Jokalariengandik eta talde teknikoarengandik asko ikasten da. Eta helburua da baita ere hobetzen segitzea nik uste dudan alderdietan, eta baita ere nagoen klubeko talde teknikoak egoki ikusten duen gauzetan. Lanean jarraitzea, hobetzea, denengandik ikastea eta aurrerapausoak ematen segitzea. Eta noski, nagoen klubean nagoela, taldearen helburu guztiak betetzea.
MOTZEAN:
Marta Alberdi: Talentua.
Itziar Ariztimuño: Pasioa.
Roso Buch: Elektrizitatea. Alaitasuna. Oso positiboa, beti irribarrez. Egoera guztietan denak animatzen dituena.
Angie Bjorklund: Efikazia.
Nadia Collado: Maitagarria, hurbilekoa.
Laura Cornelius: Leiala, fidela, zintzoa.
Naiara Diez: KAPITAINA letra larriz, horrek barnebiltzen dituen adjektibo guztiekin. Babesten duena. Denongatik aurpegia ematen duen lehenengoa da.
Paula Ginzo: Asko borrokatzen duen jokalari gaztea. %200 ematen du. Lan egiteari, borrokatzeari eta bere helburuak betetzen saiatzeari uzten ez diona.
Milica Ivanovic: Oso handia, oso profesionala, zentzu guztietan, pistatik kanpo zein barruan. Dena aurpegi onagaz, umore onagaz egiten du.
Nogaye Lo: Indarra, sendotasuna. Aspaldiko lagun handia, asko bizi izan dugu elkarregaz. Jokalari oso konpletoa eta oso profesionala. Fisikoki eta mentalki oso gogorra.
Margaret Roundtree: Egon behar denean, taldeak behar duenean dagoena.
Belen Arrojo: Jokoan denetarako balio duena, posizio askotan jokatzeko gai dena, balio duena.