Axpeko frontoiko estalkia konponduko dute
Lanak hilabete batean amaituta egotea aurreikusten dute, hortaz, maiatzean Axpe auzoko frontoia ez da erabilgarri egongo.
Busturiko Axpe auzoko frontoia zarratuta egongo da maiatzean, hau da, ezingo da erabili. Busturiko alkate Aitor Aretxagak azaldutakoaren arabera, estalkia konponduko dute.
Aspaldidanik frontoian hezetasunagaz arazoak dituztela esan du alkateak, ez hori bakarrik, euri asko egiten duenean, ur potxingoak ere sortzen direla gaineratu du; “ura sartzen da frontoira, eta hori gertatzen denean, ez da egoten ondo jolasteko moduan”. Arazoa denboragaz “handitzen” joan dela aipatu du Aretxagak.
Horren aurrean, enpresa bategaz harremanetan jarri ziren. Lehenengo jakin behar zuten zer zen frontoian gertatzen zena, zein zen arazoa. Eta iazko uda hasieran egin zuten balorazioa: “Esan digutenez frontoiko estalkia ez da pieza bakarra, bi pieza ditu. Bi pieza horiek lotzen diren unea erdoilduta omen dago, eta arazoa latza da”.
Bi irtenbide daudela dio Busturiko alkateak; “bata, adabaki bat jartzea da, bi piezak lotzen diren une horretan xaflaren bat jarrita, eta bestea, berriz, dena aldatzea”.
Estalkia zati batean. Modu horretan, Busturiko Udalak erabaki du estalkia osotasunean konpontzea, “dena ondo egiteko eta luzerako mantentzeko”. Jakitera eman duenez, 45.000 euro inguruko kostua dauka estalkia konpontzeak eta urak zorrotenetik bideratzeak. Adabakia jartzea 5.000 euro inguru ziren: “Egia esan, zalantzak izan genituen. Dirurik ez dagoenean dena begiratu behar da. Baina adabakia jartzen baldin badugu, agian, ez da luzerako izango. Hortaz, esfortzua egitea erabaki dugu”.
Estalkia, orain, zati batean jarriko dute, eta gaur egun dagoen egitura mantenduko dute; “esan digutenaren arabera, horren gainetik jarriko dute, baina ez da itsasita joango”.
Axpeko frontoia “asko erabiltzen” da. Busturiarrez gain, inguruko herrietako jendea ere bertaratzen da: “Bermeoko bizpahiru kuadrilla ibiltzen dira sarri frontoian, eta udan pala txapelketak antolatzen dituzte”. Lanak hilabete batean amaituta egotea aurreikusten du Busturiko alkateak, hortaz, maiatzean Axpe auzoko frontoia ez da erabilgarri egongo.