Gernika sortu zenetik 655 urte igaro dira
Urteurrena gogoratzeko, Gernikako mugetatik ibilbidea antolatu izan ohi du Gernikazarra Historia Taldeak. Atzo, baina, ibilbidea alde batera utzi eta Don Telloren eskulturak eskuetan daukan uri gutunari zapia jarri zioten.
Atzoko egunez duela 655 urte sortu zen Gernika. 1366ko apirilaren 28an Don Tello kondeak hiri gutuna eman zion Gernikari. Hori erakusten duen dokumentua da, hain zuzen, Don Telloren eskulturak eskuan daramana.
Bertan, apirilaren 28an sortutako herriak izango zituen mugak zehaztu ziren, bai eta gernikarren eskubide, betebehar, eta abantailak zeintzuk ziren ere. Horren arabera antolatu zen Gernika juridikoki eta politikoki, 1882ra arte. Izan ere, urte horretako urtarrilaren 8an Lumok eta Gernikak bat egin zuten.
Urteurrena gogoratzeko, Gernikako mugetatik ibilbidea antolatu izan ohi du Gernikazarra Historia Taldeak; udaletxe aurrean elkartu eta 8 de Enero, San Juan, Allende Salazar eta Adolfo Urioste kaleetatik egiten zuten ibilbidea. Aurten, pandemia tarteko, ez dute horrelakorik egin, baina urtero legez, Don Telloren eskulturak eskuetan daukan uri gutunari zapia jarri zioten.
Gernika sortu zeneko urteurren ekitaldia 1936. urtera arte etengabean egin zen tradizioa izan zen. Azken urteetan ohitura hori berreskuratu du Gernikazarrak, “hurrengo belaunaldiei gertaeraren berri emateko asmoz”, baina koronabirusak tradizioa gelditu zuen iaz.