Bizkargi Eguna ospatuko dute domekan, 36ko Gerran hildako gudarien omenez
Bizkargira joateko deia egin du Gernika-Lumoko Ernaik, eta bertara joateko hitzordua jarri du domekan, 10:00etan Astran.
Maiatzaren 3a da Bizkargi Eguna, baina domekan ospatuko dute Busturialdeko zein inguruetako herritarrek. Beste urte batez, Muxikako, Morgako, Larrabetzuko eta Zornotzako lurretan dagoen Bizkargi mendira igoko dira, 36ko Gerran hildako gudarien omentzeko asmoz.
“Aurtengo Bizkargi Egunean ere, 1936an eta ordutik aurrera hildako eusko gudariak oroitzea eta omentzea dagokigu. Herriarengatik bizia eman zuten haiek gogoratzeaz ez gara nekatuko, eta, gazteok, ez gara ahanzturan kondenaturik biziko”, adierazi dute Ernaiko kideek.
Bizkargira joateko deia egin du Gernika-Lumoko Ernaik, eta bertara joateko hitzordua jarri du domekan, 10:00etan Astran.
12:00etatik 18:00etara.
Bizkargin bertan, hainbat jarduera egingo dituzte eguna ospatzeko. 12:00etan, esaterako, belaunaldien arteko mahaingurua egingo dute: Memoria dugu arnas. 13:30ean, berriz, memoriaren ekitaldian elkartuko dira Bizkargira doazenak, eta bazkaltzeko tartea hartuko dute 14:30ean; bakoitzak etxetik janaria eramateko deia egin dute, pandemia tarteko.
15:30ean bertso saioaz gozatu ahalko dute mendi tontorrera igotzen direnek, eta saioa amaituta, kantaldian ahotsak berotuko dituzte. Bizkargitik 18:00etan jaitsiko dira, baina aurten ez dute Larrabetzura joateko deirik egin.