Gernikaldea, enpresen arteko lankidetza sustatzeko plataforma digitala
Lanbide Ekimenak Zentroak bultzatu du plataforma digitala, eta Gernikako zein inguruko 59 enpresa dira plataformaren parte.
Gernikaldea izeneko plataforma birtuala abiarazi du Lanbide Ekimenak Zentroak, Gernika-Lumo inguruko 59 enpresen artean lankidetza sareak sortzeko asmoz; www.gernikaldea.enpresak.eus plataforma birtualean aurkitu ahalko dira enpresa horiek.
Azaro Fundazioaren lankidetzarekin garatu da proiektua eta Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundu du, “enpresa-mugimendua sortzeko”. Izan ere, plataforma digitala enpresen arteko lankidetzan eta negozioen sustapenean oinarrituta dago. Jon Lejarraga Lanbide Ekimenak erakundeko presidenteak zehaztu duenez, atariak enpresa eta erakundeen “ikusgarritasuna eta posizionamendua areagotu” gura ditu, baita Gernika inguruko jarduera sozioekonomikoa sustatu ere.
Lan saioak online egingo dituzte, sortzen dituzten ekimenetan ahalik eta parte hartze handiena errazteko. “Hori horrela, enpresek eurek aukeratuko dituzte topaketen maiztasuna, ordutegia eta dinamika”. Lejarragak adierazi duenez, aukera horren bidez “enpresei laguntza emango zaie euren negozioak zabaltzeko, sinergiak sortzeko, sarean lan gehiago egiteko, eta, gero-eta konektatuago egoteko”. Plataformak, gainera, enpresa askok duten “eten digitala” hausten lagunduko duela uste du Lanbide Ekimenak erakundeko presidenteak.
Plataformaren parte izan gura duten enpresek parte hartzeko aukera dute, eta, horretarako, Lanbideren eskualdeko bulegoekin edota Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenekin harremanetan jarri beharko dira.
Eskualdeko proiektuak bultzatzeko lanean. Lanbide Ekimenak Zentroak jakinarazi duenez, 79.490 euro bideratzen ditu eskualdeko enpresei laguntzeko eta ekonomia sustatzen jarraitzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiaren tokiko eta eskualdeko lehiakortasuna bultzatzeko Bizkaia Orekan programaren baitan, lau ekimen babesten ditu. Hain zuzen, digitalizazioa eta 4.0 industriara, enpresa kudeaketaren hobekuntzara, berrikuntza sustatzera eta enpresen arteko berrikuntza bideratutako proiektuak dira babestutakoak.