Yemengo gerragaz amaitzeko eskatu dute
Gernikatik, munduko buruzagi desberdinei eskatu diete Yemenen aurkako "eraso eta bonbardaketak berehala geldiarazteko eta blokeoa altxatzeko".
Sei urte dira Yemenen bonbardaketak hasi zirenetik, eta gaur, 1937an izandako Gernikako bonbardaketaren 84. urteurrenean, Yemengo gerragaz amaitzeko eskatu dute Gernika Gogoratuzek, Gernikatik Mundurak, Ideasurrek eta Gernika Batzordeak. “World says No to War on Yemen nazioarteko kanpainarekin bat egin dugu eta data hauen zorigaiztoko kointzidentzia aprobetxatzen dugu, berriro ere, Yemengo gerraren amaiera exijitzeko”.
Hori horrela, munduko buruzagi desberdinei eskatu diete Yemenen aurkako “eraso eta bonbardaketak berehala geldiarazteko eta blokeoa altxatzeko”. Bereziki, Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari exijitu diete Saudi Arabiarekin eta Arabiar Emirerri Batuekin arma negozioetan ez aritzea eta laguntza humanitarioa eta Yemengo herriarekiko elkartasuna areagotzea.
“Yemen, Siria, Afganistan, Mendebaldeko Sahara, Mozambikeko Cabo Delgado… dire beste Gernikekin amaitzeko, eta pobreziagaz, desberdintasunekin eta gerren negozioekin gauzatzen den milioika biktimen sufrimenduarekin amaitzeko beharrezkoa da munduko gobernuek armen ekoizpena eta merkataritza kontrolatzeko akordioak egitea”, argudiatu dute. Halaber, industria militarra erauli eta justizia soziala, bakearen kultura eta biziaren defentsarako konpromisoa sustatzen duten jarduera zibilak sustatzearen beharra azaleratu dute gaur.