Gernika RTk Pozueloren kontra etxean lehiatuko du finalerdia
Ohorezko Mailara igotzeko final-laurdena irabazi dio Gernika Rugby Taldeak Fenix CR talde zaragozarrari. Asteburu honetan lehiatuko du finalaurrekoa, Urbietan.
Argazkia: Gotzon Zuzaeta. Ohorezko Mailaren igoera faseko final-laurdena irabazi du Gernika Rugby Taldeak. Fenix RC 20-8 mendean hartuta, asteburu honetan finalerdia lehiatuko du Pozuelo Rugby Union talde madrildarraren kontra, Urbietan. Domekan [maiatzak 2] 12:00etan hasiko da partidua. Beste finalerdia Hernaniren eta La Villaren artekoa da.
Eduardo Maidagan Gernika RTren entrenatzaileak azpimarratu du domekako partidua “oso gogorra” izango dela. “Gure moduan, euren multzoan lehenengo geratu dira. Eurak bi partidu galdu dituzte denboraldi honetan. Atzoko finalerdia oso erraz irabazi zuten–36-3 Almeriari–. Baina, guk etxean jokatzen dugu, eta gure ahalegina izango da partidua aurrera ateratzea. Momentu honetan, finalerdietan edozeinek irabazi ahal du. Falta gutxien egiten dituenak eta kontzentratuen egoten denak irabaziko du partidua”. Bere hitzetan, burua argi, kontzentrazioa momentu oro mantentzea eta huts egiterik ez egitea dira gakoak.
Maidagan: “Etxean jokatzen dugu, eta gure ahalegina izango da partidua aurrera ateratzea”
Zapatuko final-laurdenean, etxeko taldea zen faboritoa. Denboraldi erregularreko neurketa guztiak irabazi eta bigarren fasean Ohorezko B Mailako sailkapen orokorrean bigarren sailkatu zen, CR La Vilarekin puntutan berdinduta (talde alacantarra sailkatu da lehenengo). Fenix Club de Rugby Zaragoza, berriz, B taldean hirugarren sailkatu zen, sailkapen orokorrean zazpigarren sailkatu zen.
Faboritoak faborito, asko zegoen jokoan. Dena. Eta final-laurdena partidu bakarrera izanda, ezin da ezer parkatu. Batez ere lehenengo zatian, Zaragozako taldeak etxeko taldeari lana eman zion, bere jokoa oztopatzea lortu zuen. Lehenengo zatian zaila izan zen basurdeentzat nagusitasuna lortzea, baina bigarren zatiaren lortu zuten nagusitasun hori islatzea.
Entrenatzaile gernikarrak esan du espero zuten partidua izan zela: “Garaipena lortu genuen, baina oso urduri hasi ginen jokatzen, zalantza askogaz. Eurak defentsa onagaz, hormaren kontra eduki gintuzten. Bigarren zatian guk eduki genuen kontrola. Huts batzuk egin genituen eta eurek entsegua sartu zuten, baina gure bigarren partea lehenengoa baino hobea izan zen”.
“Urduri hasi ginen jokatzen, zalantza askogaz. Bigarren zatian guk eduki genuen kontrola”
Neurketa hasi eta hamar minutura heldu zen partiduko lehen entsegua. Xabier Albizuak jarri zuen aurretik etxeko taldea. Jarraian, talde zaragozarrak aurrerapausoa eman du, denbora luzez Gernikaren zelaian jokatzea lortuz. Urbietaren erdigunea gurutzatzeko arazoak izan zituen etxeko taldeak hainbat minutuz. Egoera horretan, antijokoa egotzita, Facundo Lamas Gernikako jokalariak txartel horia ikusi du. Berdegunean bat gutxiago izanik ere, Gernikak gogor eutsi zion Fenixen erasoari, eta Albertus de Boden bitartez bigarren entsegua lortu zuen. Lamas berriz ere zelairatzear zela, Federico Steini txartel horia atera zion epaileak, talde gernikarra beste hamar minutuz jokalari bat gutxiagoarekin utziz. Fenix zigor ostiko batez baliatu zen (Gauthier Viritot), atsedenaldirako markagailuan 10 eta 3koa jartzeko. “Falta horiek egin eta bi jokalari kanporatzean, Fenix gure zelaitik irten barik egon zen. Guk bi bider pasatu genuen zelai erdia eta hamar puntu horiek sartu genituen”, azaldu du Gernikar RTren entrenatzaileak.
Bigarren zatian lehen berrogei minutuetan baino erosoago aritu ziren basurdeak. Epaileak neurketa berrabiarazi eta pare bat minutura Gernikak bere hirugarren entsegua egin zuen; de Bod-ek lortu zuen, eta Siyabonga Masukuk transformatu zuen: 17-3. Talde zaragozarrak argi zeukan ez zuela amore emango, eta etxekoen nahasmen-momentu bat aprobetxatuta, taldearen lehen entsegua egin zuen Matt Brabazonek. Gero, Siyabonga Masukuk zigor ostiko bat baliatuz lortu zituen etxeko taldearen azken puntuak (56 min).