"LABen borroka sindikal feministaren aurka" egindako azken atxiloketak salatu dituzte Gernikan
Astelehenean Nafarroan egindako atxiloketak "muntaia poliziala" izan direla salatu dute. Borrokan jarraituko dutela adierazi dute.
Astelehenean Nafarroako LAB sindikatuko sei kide atxilotu zituen Espainiako Poliziak Iruñean. Atxiloketa horiek LABen “borroka sindikal feministari egindako erasoa” izan zirela salatu dute sindikatu abertzalekoek, gaur Gernika-Lumon. Borroka sindikala aurrera! lelopean Euskal Herriko hainbat herritan egin dituzte elkarretaratzeak.
LABeko ordezkarien iritziz, polizia operazioak bestelako helburuak eduki ditu. “Polizia eta patronala eskuz esku aritu dira. Bi protesta ekintza baketsu zehatzen inguruan antolatutako muntaia poliziala izan da. Eta irakurketa argia du: patronala, aparatu judiziala eta poliziala, gure ekintzak indargabetu eta zigortu nahian dabiltza”.
Gaineratu dutenez, “ez da kasualitatea” borroka sindikalari atxiloketekin erantzutea: “Ez da kasualitatea gure jarreraren aurrean sistemak erantzutea, eta egiten ari den bezala erantzutea gainera. Ekintza sindikal borrokalaria egiten dugu, eta honen aurrean, sistema kapitalista heteropatriarkala berrarmatu egiten da. Diziplinatu egin nahi gaitu, geldirik eta esaneko nahi gaituzte”.
Emakumeak izan direla protagonista diote, eta hori “ere ez dela kasualitatea” uste dute. “Sistemari ez zaio interesatzen gu, emakume langileok, aurrez aurre jartzea. Ezarritako ordena zalantzan jartzen ari gara eta garesti ordainduko dugula adierazi digute”, adierazi dute, “alferrik ari direla” esanez. Izan ere, euren jarduna “mugatzen” ahalegindu badira ere, aurrerantzean borrokan jarraituko dutela nabarmendu dute: “Ez dugu pauso bakar bat ere atzera egingo, ezta aldarrikapen bakar bat albo batera utziko. Sektore feminizatu eta prekarizatuetako langileok ez gaude prest sistemaren jokoa egiten jarraitzeko. Garaia da egunero gure lantokietan pairatzen ditugun diskriminazio egoera guztiak amaitzeko”.
Patronalari eta epaileei euren mezua bidali diete bueltan gaurko elkarretaratzean. “Alferrik ari zarete, zuen erasoen aurrean indartsuago bihurtzen gara, elkartu eta antolatu egiten gara, elkar babesten dugu. Eta bide horretan jarraituko dugu”, ozen esan dute LABeko kideek.