Zaporeak elkartearen kanpainagaz bat eginez, esnea bilduko dute Bermeon
Greziako Lesbos uharteko errefuxiatuen esparruan janari banaketa osagarria egin ahal izateko, iraungitze data luzeko behi esne osoa biltzen ari da Zaporeak elkartea.
Zaporeak elkarteak abiarazitako Esne Bilketa kanpaina Bizkaira ailegatuko da asteburu honetan. Esne eta diru bilketak egingo dira herriz herri Greziako Lesbos uharteko Kara Tepe errefuxiatuen kanpalekuko pertsonei laguntza hori helarazteko.
Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan egin dituzte bilketak, eta orain Bizkaiaren txanda heldu da. Erronka horregaz bat egingo dute Bermeon ere. Zapatuan [apirilak 24] egingo dute bilketa BMn eta Eroskin, 09:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Covid-19a tarteko, pertsona errefuxiatuen elikadura premiak areagotu egin direla eta, janaria jatekoa egin eta banatzeagaz gainera, elikagaiak banatzen ere ari da Zaporeak elkartea Kara Tepe errefuxiatuen esparruko 7.200 pertsonen artean. Abendutik martxora bitartean, hilean behin elikagai sorta bat banatu dute, eta orain, horrez gain, astero esnea eta fruta helarazi nahi diete kanpalekuko biztanleei, nutrizio gabezia handiak dituztela ikusita. “7.200 lagunei astean behin janari osagarriko poltsa bana banatuko diegu, honela antolatuta: hileko lehenengo hiru astetan fruta eta esnea banatuko dugu eta azkenengoan, berriz, janari lehorrez osatutako elikagai sorta zabal bat”, azaldu dute elkartetik.
Esnea Euskal Herrian biltzen ari dira, eta fruta, berriz, bertan erosiko dute. Beraz, ekarpen ekonomikoa egiteko aukera ere badago BIZUM bidez edo bankutik transferentzia bat eginda.
Jakitera eman dutenez, garrantzitsua da esnea, iraungitze data luzeko behi esne osoa izatea, iraungita iritsi ez dadin. “Asmo handiko erronka da, baliabide ekonomiko eta elikadura baliabide handiak behar dituelako, baina saiatu nahi dugu, Greziako uharteetan errefuxiatuen egoera gero eta garratzagoa da-eta”.