Zabalik dago saihesbidea eta herrigunearen arteko lotura
Goizean goiz, nahasmena sortu da herritarren artean. Bermeoko Udaletik jakitera eman dutenez, semaforoen denbora egokitu behar izan dute "zirkulazioa arintzeko eta auto pilaketak ekiditeko".
Iritsi da eguna. Gaur zabaldu dute saihesbidea eta herrigunea lotzeko Tellaetxe tar Josu kaletik egin duten lotura. Inguru horretan aldaketa ugari egin dituzte, eta goizean goiz nahasmena sortu da herritarren artean.
Ibilgailuen zein oinezkoen joan-etorriak antolatzen laguntzeko semaforo sare sistema berria jarri dute. Gainera, herriko hainbat kaleetako zirkulazioa berrantolatu dute, kale batzuetako norabideak aldatuz. Hala, Erreinezubi eta Askatasun bidea kaleetan, esaterako, norabide aldaketak egin dituzte, kontrako norabidean doaz orain. Eta, Ondarraburu kaleko aldapa zarratu egin da ibilgailuentzat.
Bermeoko Udaletik jakitera eman dutenez, goizean goiz eguneroko zirkulazioagaz lehenengo saiakerak egiterakoan, semaforoen denbora egokitu behar izan dute “zirkulazioa arintzeko eta auto pilaketak ekiditeko”. Izan ere, goizeko lehen orduetan auto pilaketak eman dira, batez ere, Erreinezubi kalean.
Udaltzaingoa lehen ordutik egon da bidegurutzean, “sor daitezkeen arazoak konpontzen eta herritarrei laguntzen”. Izan ere, herritarrek zirkulazio ohiturak aldatu beharko dituzte.
Tellaetxe tar Josu kaleko lotura zabaltzeaz gain, gaur jarri dute martxan Askatasun Bidean jarri duten ordaindu gabeko aparkaleku sistema. 12 autorentzako lekua dago, eta ibilgailuak 90 minutu egon daitezke aparkatuta. Jakitera eman dutenez, kontzientzia sortzaileak daude han, “aparkalekuari buruzko informazioa zabaltzen”.
Lotura berriaren helburuak honakoak dira: herriko hainbat gunetako trafiko dentsitatea txikitzea, herritarren segurtasuna handitzea, eta ondorioz, bermeotarren bizi-kalitatea hobetzea. Era berean, azken hilabeteetako lan horiei guztiei esker, herriko zeharkaleetatik ibili barik, Bermeora sartzeko edo handik irteteko aukera daukate herritarrek gaurtik. Modu horretan, herriko erdiguneko zirkulazioa ere “arindu” egingo dela uste dute udal arduradunek.