Sergio de Julian izan da onena Bizkaiko Urpeko Arrantza Txapelketaren Bermeoko jardunaldian
Bermeoko Izaro Sub klubeko Jon Mikel Bikandi bigarren eta Lander Aurrekoetxea laugarren sailkatu dira.
Bizkaiko Urpeko Arrantza Txapelketaren 1. jardunaldia lehiatu zuten Bermeon zapatuan. 2. jardunaldia Zierbenan lehiatuko dute maiatzaren 2an, eta bi jardunaldietako emaitzak batuta erabakiko da aurtengo txapelduna.
Getxoko urpekaritza klubeko Sergio de Julianek irabazi zuen zapatuko jardunaldia, hamabost arrain arrantzatuta. Herriko Izaro Sub taldeko Jon Mikel Bikandi durangarra bigarren eta Lander Aurrekoetxea bermeotarra laugarren sailkatu ziren. Ivan Zamora sailkatu zen hirugarren.
Izaro Sub klubeko kideak arduratu ziren antolakuntza lanetaz, eta esan dutenez, itsasoko baldintzak txapelketa egiteko “deserosoak” izan ziren, eta arrain gutxi egon zen: “Eguraldi eskasa eduki genuen, haize nahikoa eta nabigatzeko itsasoa desegokia. Olatuak altxatu ziren, eta apur bat deserosoa izan zen. Arrain askorik ez zen egon. Hartutako gehienak aingirak, karraspioak eta muxarrak izan ziren eta krabarrokaren bat ere harrapatu genuen”. Lau ordutan egin zuten txapelketa, eta ondoren, arrantzatutakoa herriko Kate Sarea elkarteari eman zioten. “Gu pozik eta eurak ere oso pozik egon ziren, eta eskertuta. 200 familia baino gehiagori laguntzen dio elkarteak”.
Bizkaiko txapelketaren bi jardunaldietako emaitzak batuko dituzte eta sailkapeneko lehenengo hamarrek Euskadiko Txapelketa lehiatuko dute maiatzaren azkenengo asteburuan.