Bermeo brontzezko dominekin bueltatu da Euskadiko Batel Txapelketatik
Absolutu mailako gizonezkoen taldeak brontzezko domina lortu du. Itsasoko Amarentzat izan da bandera, eta Zierbena sailkatu da bigarren.
Zapatu arratsaldean sailkatze estropadak lehiatu ostean, atzo goizean jokatu zituzten Euskadiko Batel Txapelketaren finalak. Busturialdeko taldeetatik, Bermeoko senior mailako mutilen taldeak lortu zuen finalean sartzea, eta Itsasoko Amaren eta Zierbenaren atzetik, hirugarren sailkatu zen.
Absolutu maila horretan, zortzi minutu, 29 segundo eta 22 ehunenetan amaitu zituzten lanak irabazleek. Horiengandik segundo bat eta 57 ehunenera geratu ziren Zierbenakoak eta Bermeokoak, berriz, lau segundo eta 66 ehunenera. Kaiarriba izan zen laugarrena.
Kontsolazio txandetan, mutilen absolutuetan Elantxobe izan zen azkarrena: 09:18.02. Arkoeta eta Hernani bigarren eta hirugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Elantxobeko arraun taldeko mutil gazteak, berriz, bigarren geratu ziren kontsolazio txandan, eta Bermeokoak hirugarren.
Mutilen ume mailan, Mundaka bigarren eta Bermeo hirugarren sailkatu ziren.