"Sektorea mobilitzatzen ari da, ikasiko dugu honetatik ere"
Sektoreak kontzertuak modu seguruan egin ahal izatea lortu duela dio Etxebarrietak. Hala ere, formatu handikoak egitea ez du posible ikusten oraindik. Extremoduroren azken giran ikusle kopuru handia espero zuten: "Maiatzera atzeratu zuten, baina ematen du ezingo dela egin".
Iazko martxoan dena eten zen. Zertan harrapatu zintuen alarma egoerak?
Extremoduroko agur bira prestatzen egon ginen, entseguekin eta birako produkzioan buru-belarri. Maiatzean hasita, kontzertu oso-oso handiak ziren, 30.000 pertsonakoak, eta bata 65.000koa Sevillan. Bestalde, Gatiburen 20. urteurreneko kontzertua geneukan aurreikusita martxoaren 28rako, eta hori prestatzen ere bagenbiltzan. Kontzertu berezia zen, beste formatu batekoa. Apustu handia izan zen taldearentzat.
Zer gertatuko da horiekaz?
Noiz egin ahal izango ditugun itxaroten ari gara. Extremodurorena urri bueltara atzeratu zen, eta gero aurtengo maiatzera, baina ematen du ezin izango dela egin. Gatiburena azarora pasatu da, eta ea zer pasatzen den. Extremoduroren kasuan, aurten seguru ezingo dela egin, konplikazioak dituelako. Dena salduta dago. Hamabost kontzertu iragarri eta 24 ordutan 300.000 sarreratik gora saldu ziren. Ez da hain erraza kontzertu horiei formatu txikiagoa ematea. Ezin dira 100 kontzertu egin jende guzti horrek ikusi ahal izateko orain dauden baldintzetan.
Argi apur bat ikusten ari al zarete?
Nekea nabaria da, luze doa, gogor, eta batez ere diferente. Baina guzti honeri gauza positiboak ateratzen saiatzen ari naizGauza positiboak ikusi behar dira, sektorea mobilizatzen ari da, eta ikasiko dugu honetatik ere bai. Hasi dira gauzak egiten. Arazoa da dauden murrizketekin, bai ordutegi eta batez ere aforo aldetik, oso gaitza dela kontzertuak normal egitea edota errentagarriak izatea euren kabuz. Laguntza publiko bat egon behar da, instituzioen aldetik edo beste sektore batzuen aldetik, edo 100 pertsonako kontzertuak eginda, ezin dira ez langile guztiak ordaindu, askotan ezin gara joan lantalde guztia. Zortea daukat, Gatibugaz bagabiltzalako kontzertuak egiten, formatu txikiagoetan. Ni joaten naiz, baina beste lantalde guztia ez doa. Aforo oso txikiak dira kontzertuak aurrera eroateko. Gauzak ez daude ondo, baina ikusita beste batzuk zelan dauden, ez nago kexatzeko moduan, banabil gauzatxoak egiten. Sektorean badago beste jende bat txarrago pasatzen ari dena.
Diskoen grabatzeko arazo edo oztopo gehiago dituzue?
Orain normalizatu da, ez dira lehengo konfinamendu gogorreko baldintzak. Konfinamentu gogorra Gernikan estudio berria egokitzeko aprobetxatu nuen. Bertan Era Bateraren diskoa grabatu dugu, eta beste proiektu pare bat. Konfinamenduan Era Bateraren abesti bakarra grabatu genuen, eurek etxean grabatu eta nik nahastu nuen. Gero, neurriak malgutu zirenean, maskarillekin eta estudioan jende oso gutxi batzen, baina egoera apur bat normalagoan grabatu genuen diskoa. Gaur egun dauden baliabide edo bitarteko teknikoekin eta jendeak daukan ezagutzagaz gauza asko egin dira konfinamenduan.
Zuzeneko gutxiago eta publiko murriztuagaz egiten dira. Pandemiak eragindako kalte ekonomiko handiak nabariak dira. Etorkizun hurbila zelan ikusten duzu?
Orain kontzertu gehiago egiten dira. Ezer egin ezin zena ematen zuen lehenengo inpaktu horretatik, maila batean kontzertuak modu seguruan egin ahal izatea lortu du sektoreak, nahiz eta formatu txikikoak izan eta arazoak eduki. Gauzak egin ahal izatearen egonkortasun bat lortu da, eta uste dut hori hobera joango dela. Diru aldetik ez da horrenbeste ateratzen eta lantalde guztia ezin da joan lanera.Ematen duenez udan jairik ez da egongo, ez da guztiz normalizatuko. Kontzertuak leku txikietan edo aretoetan izango dira, eta ikusiko da kanpoan zelan egiten diren. Gauza positiboak ikusi behar dira. Orain kontzertuak egiten dira, eta jendea ohitu da talde bat ikusteko sarrera bat ordaintzera. Ez diot doako kontzertuak egon behar ez direnik, biak egon behar dira, baina Euskal Herrian talde bat ikusten joateko ordaintzearen kultura hori falta dugu. Horrela kulturak balioa hartzen du. Uste dut txip aldaketa bat egon ahal dela jendearengan, ohitura hori hartzearena. Kulturarentzat inportantea da.
Nola moldatu da sektorea?
Berrasmatzen ari da, eta hori ere positiboa da. Gauza diferenteak egin dira. Streamingak indarra hartu du, eta etorkizunera begira uste dut geratzeko etorri dela. Iaz arte oso gutxi egiten ziren. Zuzeneko bat zuzeneko bat da, beti izango da esperientzia espezialagoa, baina streaming bidez gauza indartsuak egin ahal dira.
Zelan dago gaur egun sektorea?
Teknikook eta oro har kontzertuetan beharrean gabiltzanok dauzkagun baldintzak oso bereziak dira. Eta ez dago erregulazioarik edo lan-hitzarmen berezirik, eta sindikatua sortu da. Prozesua ez dut hurbiletik bizi, baina balorean jartzen dut, beharrezkoa da. Ez bakarrik pandemiagatik, uste dut pandemiak azeleratu egin duela; eztabaida hori beti egon da. Erregulazio falta eduki duen sektorea da. Orain jendea mugitu da eta borroka bat badago. Uste dut gauzak lortuko direla.
Kontzertuak egokitu egin dira halabeharrez. Zelan bizi dituzu egoera berrira moldatutako zuzenekoak?
Sortzaileek publikoa ze egoeratan egongo den ikusita kontzertuak moldatu dituzte. Gatibugaz egin ditut kontzertu gehien, eta formatu normalean, talde osoa jotzen, oso gutxi egin ditugu. Era akustikora moldatu dituzte. Hasieran arraroa izan zen, baina uste dut euren puntua hartu dutela. Kontzertua amaitzean, jendea oso goian dago. Santanan egon ginenean, zortzi terdiak aldera amaitu eta jendeak beste bat jotzeko eskatzen zuen, ez zuen etxera joan gura. Jendeak beharrizana dauka.
Laguntzak heldu dira?
Autonomo moduan aktibitatea uzteagatik eduki dut laguntza. Horregaz eta egon diren kontzertu gutxiekin aurrera egin ahal izan dut. Laguntza zehatzei dagokionez, orain dela gutxi irten da laguntza bat, aholkulariagaz berba egin dut, eta ematen du laguntza horretan sartzen garela. Orain arte ez dugu eduki laguntza konkreturik. Badakit kudeaketa gaitza dela, sektore asko daudelako, baina uste dut bai behar direla laguntza zehatzak.
Martxo amaierako Bartzelonako Love of Lesbianen kontzertuak zeresana eragin zuen. Ze iritzi duzu?
Proba pilotu horretan 5.000 pertsona sartzea lortu zuten. 1.000 pertsonako multzoetan egon ziren hesiekin banatuta, euren komunekin, edarietarako lekuekin… Hurbileko jendea eduki dut hor. Oso kontrolatuta egon zen, oso-oso segurua izan zen, eta joan ziren denek egin behar izan zuten antigeno proba goizean. Sei bat kasu positibo egon ziren eta horiek ez ziren kontzertura joan. Kontzertuaren ostean, 1.500 pertsonari jarraipen berezia egin diete, horiekin datuak ateratzeko.
Horrelakorik hemen egitea posible dela uste duzu?
Kontzertu guztietan ezingo da hori egin. Baina inportantea izango da datu horrek batu, eta benetan ikustea halako kontzertuetan zelako kutsatze maila eman ahal den edo zer gertatzen den. Ematen du hasiko garela apurka-apurka kontzertu handiagoak egiten. Nire esperientzian ikusi dut neurriak oso ondo hartzen direla: jendea multzoka sartzen da lekuetara, maskarillarik ez da kentzen… Horretan lan itzela egiten dabil sektorea. Beti dago beldurra, eta aisialdia da ikusten den lehenengo gauza edo badaezpada kentzen dena, ez delako beharrezkoa. Eta kultura benetan da beharrezkoa.