Loratu egingo dira
Formatu txikiko bertso saioak prestatu ditu Lilibertsok, bertsolari gazteen plazetako presentzia areagotzeko asmoz.
Udaberria heldu da, eta liliak loratzen jarriko dituzte Lilibertsokoek. Bertsolari gazteen plazako presentzia sasoi txarretan areagotzeko asmoz bultzatu dute bihar hasiko den Liliak Loratzen bertso zirkuitua, Gernika-Lumoko Kultur Etxeagaz elkarlanean.
Hori horrela, formatu txikiko bertso saioen zirkuitu bat antolatu dute, bost bertso saioz osatutuakoa. “Egoera zaila da denontzat, baina are zailagoa gazteentzat. Hori horrela, Liliak Loratzen ekimenaren helburua da bertso eskolako gazteenei bidea ematea saioak kantatzen hasteko”, azaldu du Mikel Retolaza Lilibertsoko kideak.
Guztira 24 bertsolari ariko dira zirkuituan lauko eta seiko taldeetan. Asko Lilibertso bertso eskolako kideak dira, baina inguruetako bertsolari gazteak ere gonbidatu dituztela dio Retolazak: “Bertso eskolako gazteez gain, inguruetako bertsolari gazteak ere gonbidatu ditugu. Bizkaiko gazteei ere bertsotan aritzeko aukera eman gura izan diegu dinamika honen bidez. Lea-Artibaikoak eta Durangokoak egongo dira besteren artean”. Bertsolari gazteez gain, denbora gehiago daramaten bertsolariak ere batuko zaizkie, “laguntzeko”. Gai jartzaile lanez Lilibertsoko kideak arduratuko dira: “Guretik guretzako ekimena da”.
Saioak elai alaiko areto txikian izango dira, 19:00etan. Edukiera mugatua izango da, egungo osasun neurri guztiak betetzeko, baina aretora sartu barik geratzen direnentzako, saioak Lilibertso Bertso Eskolaren Youtubeko kanalean emitituko dituzte. “Edukiera kontuan murrizketa asko daude, eta aurreikusita genuen jende gutxi sartuko zela. Sartu barik geratzen direnentzako jarri dugu aukera hori, baita bertsoak eta kultura jendearengana are gehiago gerturatzeko ere”, azaldu du Retolazak. “Ekin egin” behar dela dio, sasoi hauetan kulturak hartu duen “astinduari” aurre egiteko.
Bertsolariak egunez egun.
Apirilak 16.
Janire Arrizabalaga, Irune Basagoiti, Ander Sarriugarte, Aitzol Unzueta.
Apirilak 30.
Mikel Retolaza, Ibai Amillategi, Koldo Muñiz, Unai Mendiburu.
Maiatzak 14.
Aitor Zarraga, Koldo Gezuraga, Asier Galarza, Aissa Intxausti.
Maiatzak 21.
Beñat Bilbao, Iker Uriarte, Nagore Beitia, Eneko Aldana, Ander Urcelay, Enare Muniategi.
Ekainak 11.
Janire Arrizabalaga, Jokin Ansotegi, Malen Aretxaga, Aitzol Unzueta, Maider Altuna, Amaiur Atxa.