Photokak gazteei zuzendutako argazki lehiaketa jarri du martxan
12 eta 18 urte bitarteko gazteek mugikorragaz atera beharko dituzte argazkiak, eta hilaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dituzte.
Photoka Gernikako Argazkilaritza Elkarteak 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako Photoka Gazte Mobile Argazki Lehiaketa jarri du martxan. ‘Zelan bizi duzu COVID-19a?’ galdera da argazki lehiaketaren gaia, eta mugikorrekin ateratako argazkiekin gizartean emandako aldaketak islatu beharko dituzte gazteek.
Lehiaketa gazteen artean argazkigintza sustatzeko helburuagaz antolatu dute, izan ere, argazkigintza gero eta hedatuago dagoen komunikazio modua da. “Hizkuntza bat ere bada, baita hausnarketarako, komunikazioarako, edota kritikarako bitarteko bat ere”, azaldu dute Photokoa elkartekoek.
Lehiaketan izean ematea doakoa da, eta bertan parte hartu ahalko dute Gernika-Lumoko edota inguruko udalerrietan bizi diren gazteek, baita ere Gernika-Lumoko ikastetxeren batean matrikulatuta daudenek. Argazki lehiaketan parte hartzeko azken eguna apirilaren 30a da. Lehiaketan parte hartu ahal izateko, nahitaezkoa izango da argazkiekin batera dagokion baimena eranstea.
Jakinarazi dutenez, parte hartzaile bakoitzak gehienez bi argazki aurkeztu ahal izango ditu. Argazkiak telefono mugikorrekin egin beharko dituzte nahitaez, eta JPEG formatuan bidali beharko dira hurrengo helbide elektronikora: photoka@photoka.eus. Helbide elektronikoan parte hartzaileen izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefonoa zehaztu beharko dira, baita argazkiko izenburua eta argazkia egin den herria ere. Argazkiak ezin izango dira editatu eta ezingo dute inolako sinadurarik izan.
Sariak maiatzean. Saritutako argazkien aukeraketa Photoka elkarteko kideek osatutako epaimahai batek egingo du, eta bidalitako irudi guztien artean onenak zeintzuk diren erabakiko dute. Epaimahaiaren erabakia 2021eko maiatzean argitaratuko da, Photokaren webgunean eta euren Facebookeko orrialdean. Epaimahaiaren iritziz kalitate nahikoa duten lanak aurkeztu izango ez balira, sariak eman gabe gera litezke.
200 euro banatuko dituzte sarietan. Argazki onenak 100 euroko saria jasoko du, bigarrenak 60 eurokoa eta hirugarrenak 40 eurokoa.
Sariez gainera, hobekien baloratutako argazkiekin erakusketa bat egingo dute. Oraindik zehazteke dago erakusketaren lekua eta ordua. Hori horrela, lehiaketan parte hartzen duten pertsona guztiek Photokari uzten dizkiote lehiaketara bidalitako argazkiak zabaltzeko, banatzeko, jendaurrean komunikatzeko eta erreproduzitzeko eskubideak. Obrak ikusgai jarriko zaizkien egileen gurasoen edo tutoreen baimena beharko da.