"Euskara nazioartean zabaltzeko balio izan du 'Akelarrek'"
‘Akelarre’ filmaren protagonistak Goya eta Feroz sarietako aktore onenaren izendapenak jaso zituen. Izendapen horiek espero ez zituen arren, egindako lanagaz "oso pozik" dago. Orain, ‘Bienvenidos a Eden’ telesaila grabatzen ari da Netflix plataformarako.
Irailean estreinatu zen Akelarre, eta filmak izan duen oihartzuna handia izan da. Denbora igarota zelan baloratzen duzu egindako lana?
Filmari buruzko nire iritzia nahikoa ona izan zen hasieratik. Filmak ondo funtzionatu zezakeela eta filma jendearen gustukoa izango zela pentsatzen nuen. Hala ere, zuzendariak ohartarazi zigun Akelarre askoren edo oso gutxiren gustukoa izango zela, baina ez zuela inor axolagabe utziko. Nik jendeak ondo hartuko zuela uste nuen, eta kritika eta iritziak jaso ahala, hori baieztatu genuen, jendearen gustukoa zela. Ez nuen horrelako erantzun bikainik espero, baina ez ninduen harritu.
Adituek ere harrera on hori berretsi dute. Feroz sarietan sei eta Goyatan bederatzi izendapen jaso zituen filmak.
Ezustekoa izan zen hori, ez genituen horrenbeste izendapen espero Goya zein Feroz sarietan. Izendapenak bata bestearen atzetik heldu ziren, eta amets baten modukoa zen dena. Dena sinistu ezinean egon nintzen, baina egindako lana horrela aitortzea oso pozgarria izan zen.
Goya sarietan, izendapenak ez ezik, bost sari jaso zituen filmak.
Hori poztekoa da. Talde lana izan da, eta ikustea arte zuzendaritzak, efektu bereziek, diseinatzaileek, makillaje eta ileapaintzaileek eta musika zuzendaritzak sariak jaso dituztela oso pozgarria da. Sari asko eta arlo desberdinetakoak jaso ditugu, eta nik uste dut horrek pelikula bere osotasunean ere oso ondo landuta dagoela erakusten duela. Oso pozik gaude eman diguten harreragatik, eta sari banaketetan lortu ditugun hautagaitzengatik.
Ez nuen horrelako erantzun bikainik espero, baina ez ninduen harritu
Maila pertsonalean, zu ere antzezle onenen kategorian lehiatu zara bi sarietan. Zer sentitu zenuen hautagaitzak jasotzerakoan?
Ezin nuen sinistu. Nik pentsatzen nuen horrelako hautagaitzaren bat jasotzen nuenean zarataka hasiko nintzela, baina isil-isilik geratu nintzen, mugikorrari begira. Hunkituta nengoen. Batzuetan horrelakorik gertatu ez dela ere pentsatzen dut, baina gertatu da. Amets batean nago, dena sinistu ezinik.
Zelan jaso zenuen Goyatako hautagaitzaren albistea?
Vienvenidos a Eden Netflixeko serie bat grabatzen nabil, eta entseguen lehen egunean jaso nuen notizia. Jende berria ezagutu berri nuen, eta entseatzen hasi eta ordu erdira mugikorra sutan zegoen. Entseatzen geunden, eta ez nituen deiak hartu, baina lehenengo deia hartu nuenean kontatu zidaten izendapena jaso nuela. Mugikorraren aurrean isil-isilik geratu nintzen, eta lankide berriei izendapenaren berri eman nien. Denak hasi ziren oihuka eta nik ez nekien zer egin. Familikoei deitu nien gero, baina entseatzen jarraitu beharra zegoen. Oso arraroa izan zen, emozio guzti horregaz entseatzen jarraitu genuelako.
Espero al zenuen izendapena?
Ez nuen inondik inora espero, benetan. Baina poztasuna izugarria izan zen.
24 urtegaz jaso duzu Goyetan aktore onenaren izendapena. Izen handiko aktoreen ondoan egon zara, gauzak ondo egiten ari zaren seinale da hori?
Ni pozik nago egindako lanagaz. Egia da hasieran apurbat triste nengoela, aktore berri onenaren sarirako izendapena ezin nuelako jaso. Aktore onenaren sarirako izendapena jaso nuenez, horrek aktore berri onenaren saria jasotzea ezinezko egiten du. Baina oso pozik nago, ze izen handiko aktoreen ondoan egon naiz, eta ez nuen espero. Azkenean sinetsi nuen, eta gauzak ondo egiten ari naizen seinale da hori. Sari banaketak eta gero, berriro ikusi nuen filma, eta pozik geratu naiz egindako lanagaz.
Ordura arte baten baino ez zenuen ikusi?
Bai. Sariak eta gero ikusi nuen berriro, momentuko eskandalua amaituta. Denbora igaro eta gero ikusi gura nuen, ea zelan baloratzen nuen jakiteko. Egia da, azken honetan filma gehiago gustatu zaidala.
Bestelako sari banaketa izan da aurtengo Goyeakoa, baina zelakoa izan zen esperientzia?
Hasiera batean triste jarri nintzen, niri ilusio asko egiten zidalako Goya sarietara joateak eta presentzialki egun hori bizitzeak. Baina osasuna askoz ere garrantzitsuagoa da, eta ados nengoen Goyak sarean ospatzeaz. Gainera, ez zegoen beste aukerarik. Hala ere, sentsazio arraroa zen. Izendatuak pantailetan ikusten zenituen, batzuk sofan jesarrita, beste batzuk lagunekin… naturaltasuna izan zen nagusi, eta hori asko gustatu zitzaidan. Oso zelebrea zen dotore jantzita norberaren etxean egotea. Gustatu zitzaidan sari banaketa, eta naturaltasuna ez zen falta izan.
Akelarre aretoetan proiektatzeaz gain, Netflixen ikus daiteke. Eta egun bakarrean, mundu mailan, Espainiako hiru pelikula ikusienen artean kokatu zen.
Hori ere ez nuen espero. Azken finean, euskaraz da filmaren zati handi bat, eta ez nuen espero Akelarre nazioartean zabaltzea. Oso eskertuta gaude. Netflixen edota aretoetan filma ikusteko momentu bat hartu duten pertsonei eskerrak eman gura dizkiet. Ilusio handia egiten dit euskarak leku garrantzitsua hartzen duen film bat nazioartean horrebeste zabaltzea.
Euskararekiko interesa agertu dute ikusle askok?
Ikusi dugu azpitituluekin ere pelikula bat ikus daitekeela. Eta filmaz berdin-berdin gozatu daitekeela. Nik uste dut, baita ere, oso iritzi onak egon direla euskararekiko. Jendeak sare sozialetan zein hizkuntza den galdetu du, eta hori onuragarria da. Euskara nazioartean zabaltzeko eta erakusteko balio izan du.
Oscar sarietan ere euskarazko filmak egon dira, eta euskaraz egindako zinemaren zabalkundea gero eta handiagoa da.
Euskaraz egiten den zinema zabalduz doa. Eta Akelarrek etxean daukagunari balioa emateko balio izan digu.
Orain, beste etapa batean zaude. Bienvenidos a Eden filma grabatzen zabiltza.
Netflix plataformarako nazioarteko serie bat egiten gabiltza. Lanzaroten egon naiz, orain Teruelen nago, eta gero Bartzelonara joango gara. Serieko pertsonaia protagonista naiz, eta amets batean nago berriro. 157 herrialdetan ikusiko den ikus-entzunezkoa da, eta bertigoa ematen du horrek, baina momentuz, egindako lanagaz oso pozik nago. Ahalik-eta lan onena egiten nabil, dena ematen, eta espero dut jendearen gustukoa izatea. Gero, gustukoa den edo ez beste gauza bat izango da, baina ez naiz geratuko dena eman ez dudan sentsazio horregaz.
Film luze bat hilabete eta erdian grabatzen da, eta serie bat, berriz, hiru hilabetetan
Film luze batetik serie batera igaro zara. Grabatzeko momentuan desberdintasun asko daude?
Badago desberdintasuna. Film luze bat hilabete eta erdian grabatzen da, eta serie bat, berriz, hiru hilabetean. Kapitulu askoz osatuta daude, eta bakoitza ia film bat grabatzea modukoa da. Grabatzeko epea luzeagoa da, baina erritmoa ere askoz ere arinagoa da.
Zelako esperientzia ari da izaten?
Niretzako esperientzia berri bat izaten ari da, eta protagonista naizenez, asko ikasi behar dut. Egunero nago lanean, sekuentzia asko grabatzen, baina oso pozik nago. Oso eskertuta nago aukera hau izateaz. Azaroan izan nuen proiektuaren berri. Min hartuta nengoen, eta ez nekien prest egongo nintzen edo ez. Entseatzen urtarrilean hasi ginen, eta grabazio lanekin otsailaren erdialdean. Jende berri asko ezagutu dut, laneko ibilbide profesional oso luzea dutenak, eta horrek ikasteko asko laguntzen dit. Oso jatorrak dira, eta galdera asko egiten dizkiet, horrela gauza asko ikasten direlako. Ohera noanean kosta egiten zait sinistea. Itxura oso ona du proiektuak, eta esperientzia sekulakoa izaten ari da.