Ekoetxea Urdaibaik oinezkoentzako sarbide berri bat zabaldu du
Sarbideak Busturiko San Bartolome auzoko geltokia eta Ekoetxea Urdaibai lotzen ditu. Ekoetxea urdaibairen kanpoaldea pasa
Ekoetxea Urdaibaik oinezkoentzako sarbide berri bat zabaldu du gaur. Duela gutxi amaitu zituzten ingurumen hezkuntzako zentroa eta Busturiko San Bartolome auzoko autobus geltokia batzen dituen pasabidearen lanak, eta gaur zabaldu dute zurezko pasabide berria.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak sustatutako obra da honakoa.
Pasabide berriagaz ingurumenean “ahalik eta inpaktu txikiena” eragitea bilatu dute. Zehaztu dutenez, pasabideak zeharkatzen duen hariztiko zuhaitzak errespetatu dituzte: “Pasabidea, gainera, lurraren maldara egokitu da, lurren mugimendua ahalik eta txikiena izateko helburuagaz”. Horrez gain, sarbide berria egiteko bertako pinu-zura erabili dutela azaldu dute.
Paisaia pedagogikoa. Biosfera Erreserbaren eremurako sarbidea “errazteaz” gain, Ekoetxea Urdaibairen kanpoaldea paisaia pedagogiko gisa birformulatzeko eta natura eta biodibertsitatea ezagutzeko eremu bihurtzeko proiektu baten barruan kokatzen da pasabidea.
Horretarako, Ekoetxearen eraikinaren barruan dauden elementu eta edukiekin bat datorren diskurtsoa osatu gura dute zentroaren kanpoaldean, Urdaibaiko ekosistemen ezaugarriak biltzen dituzten eremu didaktikoak sortuz. Adierazi dutenez, besteren artean, sarbide berria dagoen harizti atlantikoari, landazabal atlantikoari eta padurei buruzko eremuak sortu gura dituzte.