SOMEko II. Kultur Astea martxan dago
Gaur hasi eta barikura bitartean, udalerriko txokoak zein sare sozialak musikaz beteko dituzte Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasleek.
Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasturteko II. Kultur Astea martxan dago, eta ikasleek hartu dute dagoenerako protagonismoa. Hala, barikura bitartean, udalerriko hainbat txoko musikatuko dituzte.
Erritmoak eta soinuak agertoki desberdinetan entzun ahalko dira aste honetan zehar. Emanaldietarako ohikoak diren Lizeo Antzokian eta Elai-Alai areto txikian jotzeaz gain, sare sozialak ere ikasleen agertoki izango dira. Izan ere, Segundo Olate Musika Eskolaren instagram eta Facebookeko kontuetatik entzun eta ikusi ahalko dira emanaldiak. Kulturagernika-lumo webgunean ere ikusi ahalko direla jakinarazi dute.
Lehenengo kontzertua gaur eskainiko dute txistu, fanfarria eta Banda Gazteko kideek. Lizeo Antzokiko ikuskizuna streamingean jarraitu ahalko da @segundoolaeta Instagram kontuaren bidez.
Biharko ikuskizuna grabatutakoa izango da, eta Ganbara Taldearen, Txelo Taldearen eta Orkestra Txikiaren intenpretazioez gozatuko dute entzuleek. Grabatutako emanaldia musika ikastetxeko Facebook eta Instagram kontuetan zein udaleko kultura webgunean ikusi ahalko da.
Errezitaldiek eguenean jarraituko dute, Elai-Alai areto txikian, 19:00etan. Gonbidapenekin sartu ahal izango da aretora, eta bertaratzen direnek biolinen saio batekin gozatuko dute. Halaber, Lizeo Antzokian ere ikuskizunak egongo dira, eta horietara sartzeko ere, gonbidapena beharko da. 18:15ean akordeoiek eta gitarrek eskainiko dute kontzertua, eta 19:15ean, berriz, trikitixako ikasleek.
Azken emanaldiak barikuan eskainiko dituzte. 17:30ean eta 19:00etan saioak eskainiko dituzte pianoko ikasleek. Lehenengo saio jenderik barik izango da, baina grabatu egingo dute, gero sare sozialetatik zabaltzeko. Bigarrena, berriz, jendaurrekoa izango da, baina gonbidapenagaz bakarrik sartu ahalko da bertara.