Udalerriko aparkalekuak diseinatzeko parte hartze prozesua egingo dute Muxikan
Ibarruriko Andra Mari elizaren aurrekoa eta Kurtzeroko Kaltzada aurrekoa dira diseinatuko dituzten aparkalekuak. Parte hartze saioak eguaztenean izango dira, Ibarrurin eta Kurtzeron.
Muxikako Udalak aparkalekuak herritarrekin batera diseinatzeko parte hartze prozesua egingo du, eta bi saio prestatu ditu horretarako. Eguaztenean [martxoak 24], 16:00etatik 17:30era Ibarruriko saloian eta 19:00etatik 20:30era Zubieta Errotan egingo dituzte batzarrak.
Izan ere, Ibarruriko Andra Mari Elizaren aurreko aparkalekua eta Kurtzeroko Kaltzada aurrekoa dira berriro diseinatu gura dituztenak. Begoña Enbeita alkateak jakinarazi duenez, Ihobek sustatutako Berringurumena programari esker egingo dute diseinua.
“Aparkaleku horiek oso zolatuta daude, oso iragazgaitzak dira, eta hobetu egin gura ditugu. Eta, horretarako, herritarrei zein erabilera eman gura dieten galdetu gura izan diegu, aparkalekuak eurekin batera diseinatzeko”, azaldu du Enbeitak.
Bi aparkalekuak diseinatzeaz elkarlanean arduratuko dira Lur Studio, Basoinsa eta Euskal Herriko Unibertsitea. Espazio horietan zer hobetu ahal den aztertuko dute, eta Aparkaleku Berdeak sortu. “Aparkaleku Berdeen helburua asfaltozko geruza batetik zoladura hobeago bat duen lurzorura igarotzea da. Baina batetik bestera dagoen tarte horretan, aukera asko daude”, azaldu dute arduradunek, eta aukera horiek aparkalekuko lurzoruaren arabera zein bizilagunek aparkalekuari ematen dioten erabileraren arabera moldatuko dituztela zehaztu dute. Izan ere, autoak aparkatzeaz gain, aparkalekuek beste erabilera batzuk ere badituzte.
Batzarretan, ahotsa herriari. Aparkaleku bakoitzari ematen zaion erabilera zein den eta herritarrek zein izatea gura duten ondo zehazteko, “oso garrantzitsua” dela parte hartze prozesua abiatzea uste dute arduradunek. “Izan ere, aparkaleku batek, 120 aparkaleku izateaz aparte, jesartzeko lekuak izan ditzake, baita txikientzako jolasgune bat ere. Baliteke, baita ere, jendeak aparkalekuetan estalitako guneak gura izatea, edota bizikletak aparkatzeko edo auto elektrikoak kargatzeko puntuak. Aukera guztiak aztertu behar dira”, diote.
Hori horrela, parte hartze prozesuaren bitartez, herritarrekin berba egin eta parkingak zelan erabiltzen dituzten jakin gura dute. Izan ere, hori da aparkaleku berriak diseinatzeko orduan arkitektuek erabiliko duten oinarria. Eguazteneko saioetan herritarrek izango dute protagonismoa. “Ahotsa herritarrei emango diegu, esateko zelan erabiltzen dituzten espazio horiek eta nola gustatuko litzaiekeen horiek hobetzea. Gainera, proposamen desberdinak egingo dizkiegu, aukera desberdinekin, gero, aukera guztien artean hobeto zein baloratzen duten jakiteko. Jakin egin behar dugu herritarrek zer pentsatzen duten eta euren lehentasuna zein den”.
Proiektuagaz, gainera, materialen birziklapena bultzatu gura dute. “Aparkalekuan jolasgune bat edo bestelako gune bat egitea erabakiz gero, gune hori material birziklatuagaz egitea bultzatuko genuke. Izan daitezke herritar batek dituen enborrak edota herriko beste lekuren baten dauden eta erabiltzen ez diren eserlekuak ere”, azaldu dute.
Lurzoruaren egoera. Aparkalekuen erabilera aztertzeaz gain, lurzoruaren egoera hobetzea bilatuko dute. Izan ere, proiektuagaz, lurzoruaren iragazgaizte egoera hobetu gura dutela jakinarazi dute. “Lurrak ura hobeto iragaztea lortu gura dugu. Eta horregaz, klima aldaketa eragozteko pausoak eman gura ditugu”.
Horretarako, zuhaitzak landatzea “garrantzitsua” dela diote, zuhaitzei esker giro-tenperatura murrizten baita: “Parking batean zuhaitzak badaude, autoei tenperatura murriztuko zaie, eta giro-tenperatura ere murriztuko dute, klima-aldaketaren ondorioak hobetuz”. Halaber, uholde arriskua murrizteko balio dutela diote arduradunek.