Panpa belarra kentzeko doako ikastaroa eskainiko du Bermeoko Udalak
Zapatuan izango da ikastaroa, 10:00etatik 12:30era, Arranotegi auzoan. Ez da aurretiaz izena eman behar.
Bermeoko Udalak panpa belarra kontrolatu gura du. Modu horretan, ikastaro praktiko bat antolatu dute zapaturako (martxoak 27). Horretan, panpa belarraren hedapena ekiditeko teknikak erakutsiko dituztela azaldu dute. Arranotegi auzoan izango da ikastaroa, Munepe baserrirako sarrera ondoan, 10:00etatik 12:30era.
Ikastaroa doakoa izango da, eta ez da aldez aurretik izena eman behar. Autoz joan gura dutenek, badaukate han aparkatzeko lekua. Hortaz, interesa daukatenek bertara joan beharra baino ez dute edukiko. Mendiko botak, arropa erosoa, ura, jateko zerbait eta aitzur bat eroatea gomendatu dute.
Ikastaroa antolatzeaz gain, Bermeoko Udalak panpa belarra nola kontrolatu azaltzen duen dokumentu bat prestatu du eta landa auzoetan banatu du. 250 ale banatu dituztela esan dute.
Udal arduradunek jakitera eman dutenez, panpa belarra Hego Ameriketatik etorri zen espezie inbaditzailea da, eta bere kontrola “behar-beharrezkoa” da, “bertoko espeziek arriskuan ez jartzeko, suteak saihesteko eta baso eta zelaien produktibitatea ez jaisteko”. Bermeoko Udalak 2009tik darama panpa belarraren gaineko kontrol kanpainak egiten.