Musikaren suak berotu ditu Gernika-Lumo lekuak
Gernika musikaz bete du Lekuekek. Aurten ez du jaialdiaren kutsua izan, baina musikazaleen arnasgunea bilkatu da beste urte batez. Herritarren babesa eskertu eta egindakoagaz "gustura" daude antolatzaileak.
Martxoaren 13an hasi eta atzora arte sutan izan ditu Lekuek jaialdiak Gernika-Lumoko hainbat toki. Aurten formatu txikian antolatu dute jaialdia, baina herritarren babesa “bikaina” izen dela azpimarratu eta Lekuekek emandakoagaz “gustura” daudela adierazi dute antolatzaileek.
Metal doinuek piztu zuten Lekuek, Teksuo eta Knives taldeen emanaldiekin gozatu baitzuten herritarrek martxoaren 13an, eta Peru Galbeteren atzoko kontzertuagaz amatatu zuten sua. “Egindakoagaz gustura geratu gara. Talde desberdin asko etorri dira, eta aberatsa da hori”, diote antolatzaileek.
Zuzeneko kontzertuek hartu dute protagonismoa asteburuetan. Ryta Payesek eta Elisabeth Romak Lizeon emandako kontzertua “berezia” izan zela diote antolatzaileek, eta Elle Belgak Astran eskainitakoa ere nabarmendu dute: “Taldeko kideak emozionatu egin ziren, eta antolatzaileekin oso harreman hurbila egin zuten”. Iparragirren Felinek eta Vulkek eskainitako kontzertuak ere “esanguratsuak” izan ziren: “Vulk izan da herritarrek gehien ikusi gura zutena, sarrerak jarraian agortu zirelako, eta kontzertua bikaina izan zen”.
Lehenengo eta bigarren asteburuko kontzertuak “ederrak” izan ziren, baina astean zehar burututako ekitaldiak ere “oso politak” izan direla esan dute antolatzaileek: “Andoni Fernandezen liburu aurkezpenak oso ondo funtzionatu zuen, eta Zine Klubak antolatutako emanaldietara ere jende asko joan zen, baita Rockumentalera ere”. Bi erakusketa ere aurkeztu dituzte, Mugan Elai Alai aretoan eta Akatsa da bidea Astran. Bietara jendea hurbildu zela jakinarazi dute, eta gogoratu dute Astrako erakusketa beste bi astez ikusteko aukera dagoela. Lekuek jaialdiko kamisetak ere Astran eskuratu ahalko dira.
Jendearen babesa. Herritarrek jaialdiarekiko erakutsi duten babesa azpimarratu dute antolatzaileek. Izan ere, azken eguneko kontzerturako sarrerez aparte, beste sarrera guztiak agortu ziren. “Gernikak Lekueki ematen dion bultzada eskertzekoa da. Igartzen da jaialdiarekiko zaletasuna badagoela”, pozarren diote antolatzaileek.
Jendeak, gainera, ekarpen ekonomikoa ere egin duela diote, kontzertuetara joan ezin izan diren arren, sarrerak erosi baitituzte Lekueki laguntzeko: “Nabaritzen da herritarren konpromiso hori”. Hala ere, irabazi ekonomikoak ez dira beste urteetan bezain bestekoak izan: “Tabernak itxita egon direnez, ekonomikoki ez da urte ona izan. Guk normalean barratik ere dirua lortzen genuen, eta aurten ezin izan dugu barra zabaldu”. Diru aldetik urte ona izan ez den arren, jaialdia antolatzeak duen garrantzia aitatu dute: “Horrelako ekitaldiak antolatzerakoan diru asko gastatzen dela esan ohi da, baina diru hori ez dela gastatzen uste dugu. Izan ere, kultura herrira ekartzea eta aberastasun kultural hori sustatzea dela garrantzitsuena uste dugu. Ez da diru kontua bakarrik”.
Halaber, antolakuntzakoen eta laguntzaileen lana eskertu dute. Eta janaria prestatzen egindako lana aipatu dute. “Baserritik Gernikarako produktuekin taldeentzako zein antolatzaileentzako janaria prestatu dugu, eta batzuk zein besteak oso gustura egon dira”.
Hori horrela, “espero ez zuten arren”, dena “bikaina” izan da. “Jendeak errespetatu du eta guk ere neurri guztiak zorrotz bete ditugu: edukiera, tenperatura hartzea, eskuak garbitzea, maskara jantzita izatea… Itxiera perimetrala kendu izanak ere lagundu du”.