Lehia estua sailkapeneko lehenengo bien artean
Ohorezko B Mailan, Gernikak azken minutuan lortu du garaipena Hernaniren kontra (25-22). Asteburu honetan Campus Universitario Ourense RC hartuko du Urbietan.
Ohorezko B Mailan denboraldi hasieratik ezarritako norabide onari eusten dio Gernika Rugby Taldeak igoera kanporaketetan. Atzo Hernaniri irabazita, beste lau puntu eskuratu zituen, eta 36 puntugaz multzo buru dago. Hamar puntu gutxiago ditu Hernani bigarrenak.
Bi horien artean lehia oso estua eta bizia ikusi zen Urbietan. 14. jardunaldian, bigarren faseko hirugarren partiduan, etxeko taldeak azken momentuan lortu zuen garaipena (25-22).
Basurdeek partidua hasi eta gutxira markagailuan aurrea hartu zuten; Albertus De Bodek entsegua egin zuen. Handik gutxira Siyabonga Masukuk zigor-ostikoaz baliatuz 8-0ekoa ipini zuen markagailuan. Neurketaren lehen ordu erdia igarota, talde bakoitzeko jokalari banak tartel horia ikusi zuten: talde bizkaitarrean Juan Bautista Arranzek eta gipuzkoarrean David Pelazek. Gainera, 40. minutuan, Federico Stein Gernikaren jokalari argentinarrari txartel horia atera zion epaileak.
Hernani izan zen lehenengo zatian jokoa sortu zuena, eta gernikarrak defentsa lanetan gogor aritzera behartu zituen. Horiek egoerari aurre egitea lortu zuten, eta atsedenaldira bost puntuko aldeagaz ailegatu ziren: 8-3. Pello Perez izan zen talde gipuzkoarrarentzat lehen hiru puntuak lortu zituena.
Bigarren zatia De Bod basurdearen entseguagaz hasi zuten. Azkar erantzun zuen Hernanik. Minutu gutxira Anartz Elosegik Hernaniren partiduko lehen entsegua egin baitzuen. Bigarren zatiaren erdia betetzear zela, Aimar Gorrotxategik Hernanirentzat beste entsegu bat lortu zuen: 15-15. Hamar bat minutu pasatuta, Fagu Malloyren entseguari esker Gernikak berdinketa hautsi, eta markagailuan aurretik zen berriro ere. 73. minutuan, Eneko Gorostiza, Gernika Rugby Taldeko jokalariak txartel gorria ikusi zuen, eta zelaian jokalari bat gehiago izatearen nagusitasuna aprobetxatu zuen Hernanik markagailua berdintzeko. Mikel Perezen entseguagaz (22-22) emozio bizia areagotu zen azken minutuetarako. Azken minutuan Masukuk zelai erditik jaurti zuen zigor-ostikoak eman zion garaipena Gernika Rugby Taldeari.
Azken bi partiduak, etxean. Bigarren fase hau amaitzeko bi jardunaldi falta zaizkie. Hurrengo jardunaldian, Gernika-Lumoko taldeak Campus Universitario Ourense RC-ren bisita jasoko du Urbietan, domekan [martxoak 28] eta azken neurketa ere etxean jokatuko du. Hain zuzen, apirilaren 11an, Bera Bera RTren kontra amaituko du bigarren buelta.