Amaitzeko daude Foruako zubi berria egokitzeko lanak
Oinezko eta bizikletentzako pasarela bat egokitzeko lanak bukatzear daude. Pasabidea eginez, Urdaibai Biosfera Erreserbaren babeserako eta garapen jasangarrirako urratsak eman dituzte.
Amaitzear dira Oka ibaia Forua eta Kortezubitik pasatzen den eremuan oinezko eta bizikletentzako pasarela bat egokitzeko lanak. Pasabidea eginez, Urdaibairen babeserako eta garapen jasangarrirako ezarritako helburuak betetzeko beste pauso bat eman dute.
Obra egin den eremuan, Oka itsasadarreko ezkerraldea zeharkatzen zuen pasealeku bat zegoen, baina, azken urteetan, higatuz joan da, itsasaldien eta ibaiaren joan-etorrien eraginez. Foruko Udalagaz batera egindako lanen bitartez, lurpeko uren pasabidea kendu da, eta aire zabalean utzi dute Baldatika errekaren ibilgua. Ibaiertzak leheneratu dira bioingeniaritzako tekniken bitartez, eta ibilgu berriaren bi ertzak elkartzen dituen zurezko pasarela bat amaitzear daude, oinezkoak eta bizikletak bertatik ibili ahal izateko.
Urtarrilean hasi zituzten lanak, eta ordutik, moztuta egon da bidea tarte horretan.
Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendekoa den Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak sustaturiko obra da honakoa. Urdaibairen oinezko konektagarritasuna ahalbidetuko duen azpiegitura berde bat egiteko ekintzetako bat da hain zuzen.
Hain zuzen, UNESCOren MaB programan oinarritzen dira proiektuaren estrategiaren helburuak: klima-aldaketaren eragina arintzea emisioak murriztuz, Urdaibai Biosfera Erreserban mugikortasun mantsoa sustatzea, eremua osatzen duten herrigune guztietara oinez edo bizikletaz iristeko aukera ahalbidetzea eta itsasadarraren mendebaldeko eta ekialdeko ertzak lotzea.