Busturialdeko bizilagunek eskualdean zelan bizi gura duten aztertuko dute
Gernika Gogoratuzek eta Gernikatik Mundurak tailer bat prestatu dute, eskualdeko bizilagunek Busturialdean zelan bizi gura duten aztertzeko. 'Gatazkan dauden lurraldeak' proiektuaren parte da saioa.
Gatazkan dauden Lurraldeak izeneko nazioarteko proiektua egiten dabiltza Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Mundura elkarteak, Urdaibaiko, Kolonbiako zein Mozanbikeko herritarren gaitasunak aztertuz.
Hiru herritako tokian tokiko proposamenei buruzko ikerketa bultzatu dute azken urteetan: “Eredu hegemoniko patriarkal neoliberalak eta bere ordezkari nagusiek (enpresa transnazionalek), lurralde zehatzetan dituzten eraginak aztertzeko, eta horien aurrean emandako erantzun kolektiboa aztertzeko bultzatu dugu proiektua”.
Horretan sakondu dute, baina, orain, lurralde bakoitzeko bizilagunek euren lurraldean zelan bizi gura duten aztertzeko momentua da, eta tailerra prestatu dute horretarako. Martxoaren 23an, 18:00etatik 20:00etara bitartean egiteko prestatatu duten saioan, hain zuzen, “zelan bizi nahi dugu gure eskualdean?” galderari erantzuten saiatuko dira.
Galdera horri erantzuna emateko asmoz, Busturialdea osatzen duten hiru zonaldeetako –herri handiak, landa eremuak eta kostaldea– zenbait dilema sozio ekonomiko jarriko dituzte mahaigainean antolatzaileek. Eta horiez gainera, ingurumenarekin zerikusia duten gaiak ere jorratuko dituzte.
Izen-ematea. Zoom plataformaren bidez egingo dute saioa, baina aurretiaz izena eman beharko da. Horretarako, Gernika Gogoratuzen webgunean aurki daitekeen orria bete beharko da. Hori eginda, bakoitzaren parte hartzea berresten duen eta tailerrean parte hartzeko linka duen emaila jasoko dute izena eman dutenek.