Biosfera Erreserbako bizilagunak
Hegaztiak ez diren bestelako animalia eta izaki bizidunak ere badira biosfera erreserban, eta horiek ikusgai egin ditu Urdaibai Bird Centerrek, zentroan bertan ipini duen aldi baterako erakusketan
Urdaibaiko Biosfera Erreserban bizi diren animalia ezberdinak biltzen dituen erakusketa ikusgai dago Urdaibai Bird Centerren. Biosfera Erreseban, hegaztiekin batera, bestelako izaki bizidunak ere bizi direlako. Urdaibai Bird Centerreko biologo Edorta Unamunok azaldu bezala, ingurumenaren orekarako beharrezkoak dira denak: animaliak, landareak, honddoak…
Hegaztien biziraupenerako beharrezkoak diren izaki bizidun asko daude Bisofera Erreserban. «Hegaztiak ez diren beste hainbat bizidun daude Urdaibain, eta ikusgarritasuna eman behar zaie. Berton daukagun aberastasuna handia da», zehaztu du Unamunok.
Urdaibai instituzioek erakusten dutena baino askoz gehiago delako, Urdaibai Bird Centerrek bisitariei erakutsi gura die inguruko ekosistema osatzen duten elementu ezberdinak. «Urdabai Gaztelugatxe, Omako basoa edota bertoko hegaztiak baino gehiago da», esan du Unamunok. Aipatu du, adibidez, kostaldeko marearteko guneetan ezagunak ez diren espezieak bizi direla. Horiei guztiei dagokien ikusgarritasuna ematea da erakusketa berri horren xedeetako bat.
Habitat desberdinak. Hain zuzen ere, argazkiekin osatutako erakusketa da Bird Centerren ipini dutena. «Gure lankidea den Jon Maguregik ateratako argazkiak dira, ederrak denak». Inguru eta habitat desberdinetan ateratako argazkiak dira, biosfera erreserbaren aberastasunaren islada direnak.
Argazki bakoitzak, gainera, bere deskribapena du, lau hizkuntzatan: euskaraz, frantsesez, inglesez eta gazteleraz. Horrez gain, argazkiek erakusten dituzten izakiek edota animaliek zein habitat ordezkatzen duten ere azaltzen da. Argazkiak eta deskribapenak esaldi batekin lagunduta daudela azaldu du Unamunok.
Asteburu eta jai egunetan. 18 irudiren lagina aukeratu du Urdaibai Bird Centerrek aldi baterako erakusketa osotzeko, eta Unamunok esan legez, Urdaibaiko habitat gehienak daude ordezkatuta.
Erakusketa Bird Centerrek eskaintzen duen bisitaren barruan ikusi daiteke, eta ez da aldez aurretiko erreserbarik egin behar. Zapatu, domeka eta jai egunetan dago zabalik Gautegiz Arteagako zentroa, 11:00etatik 19:00etara. Pandemia egoerak agintzen dituen osasun neurriak errespetatuz, lauko taldeak egingo dituzte gehienez, eta bisitan markatutako norabidea jarraitu behar da.