2.085 sinadura, gaueko farmazia zerbitzuaren alde
Bermeoko EH Bilduk eta Guzanek sinadurak batzen jarraituko dute martxoaren 31ra arte.
Herritar talde batek egindako eskaerari erantzuna emanez, Bermeoko farmazietan gaueko zerbitzua egon dadin eskatzeko sinadurak batzeko erabakia hartu zuten Bermeoko EH Bilduk eta Guzanek. Bi egunetan atera dira kalera sinadurak batzen, eta jakitera eman dutenez, 2.085 sinadura batu dituzte. Orain, martxoaren 31ra arte, sinadurak batzen jarraituko dutela aipatu dute.
Astelehenetik barikura Kabidxen eta Alkartetxean egongo da sinatzeko aukera, 11:00etatik 13:00etara. Martitzenetan, udal azokan, Goiko Plazan eta Lamera txikin ere sinatu ahalko da, 11:00etatik 13:30etara. Zapatuetan, berriz, Lamera txikin eta Lameran jarriko dute mahaia, 12:00etatik 14:30era.
Sinadurak batzeko paperak, gainera, herriko zenbait denda, taberna, ikastetxe, udal zerbitzu, lantegietan… zabalduko dituztela esan dute: “Norbaitek bere dendan, tabernan edo lantegian sinadurak batu gura baldin baditu, mahaietan paperak eskatzeko aukera dauka”.
Herritar guztiak animatzen dituzte sinatzera; “guztion artean bermeotarrontzat ezinbestekoa den zerbitzu hau mantentzeko, gure osasunaren alde, guztiok elkarlanean”.