Kortezubiko frontoia eta probalekua zabaldu dituzte
Erabiltzaileek –udalerrian erroldatuta daudenek bakarrik- aldez aurretik udaletxean hitzordua eskatu beharko dute, eta pertsona bakoitzak eguneko bi erreserba egin ahalko ditu.
Gaurtik zabalik daude Kortezubiko frontoia eta probalekua. Astelehenetik barikura 09:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 21:00etara bitartean egongo da erabilgarri; asteburuetan, berriz, itxita egongo da.
Erabiltzaileek –udalerrian erroldatuta daudenek bakarrik- aldez aurretik udaletxean hitzordua eskatu beharko dute, eta pertsona bakoitzak eguneko bi erreserba egin ahalko ditu, bata goizez eta bestea arratsaldez, ordubeteko iraupenagaz. Udaleko ordezkariek jakinarazi dutenez, gehienez sei pertsona egon ahalko dira hitzordu bakoitzeko.
Probalekua jardueraren arabera erreserbatuko da, bakoitza prezio batekin. Herri kirolak egiteko 3 euro, asto eta zaldiek entrenatzeko 6 euro, eta idiekin aritzeko, berriz, 10 euro. Pilotalekua ere erabili ahalko da, eta hori erreserbatzeko bi euroko prezioa jarri dute.
Jakinarazi dutenez, ekintzak burutzerakoan errespetatu egin beharko dira osasun agintariek COVID-19a prebenitzeko ezarritako segurtasun eta higiene neurriak, bereziki maskara erabiltzearen eta gutxienez metro eta erdiko segurtasun distantzia mantentzeari buruzkoak.