Eguenera arte izena eman daiteke ‘Ipar Eszena Bidea’ proiektuan
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako, Kantabriako, Asturiaseko eta Galiziako dantza eta antzerki produktoreen elkarteak bultzatu du ekimena. Hirugarren edizioan parte hartu gura dutenek martxoaren 18ra arteko epea dute euren ikuskizunak aurkezteko.
Hirugarren urtez, Ipar Eszena Bidea izeneko elkartruke kulturalerako proiektua jarri dute martxan Donejakue Bidearen iparraldeko ibilbidea zeharkatzen duten erkidegoetako dantza eta antzerki konpainiek.
Hain zuzen, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako, Kantabriako, Asturiaseko eta Galiziako dantza eta antzerki produktoreen elkarteak bultzatu du ekimena. Eta, jakinarazi dutenez, hirugarren edizioan parte hartu gura dutenek martxoaren 18ra arteko epea dute euren ikuskizunak aurkezteko. Horretarako, www.escenanorte.com webgunean izena eman beharko dute.
Elkartruke kulturalerako proiektua erromesaldiaren ideian oinarritzen da, “bide eszeniko” bat eraiki gura duelako: “Lurralde horien kultura ekoizpena lotu gura dugu, erreferentzia gisa Done Jakue bidea hartuz. Izan ere, bide horrek harremanetan jartzen ditu lurralde horietako arte eszenikoetako kideak”.
Autonomia Erkidego horietako produkzio eszenikoen “kultura, hizkuntza, formatu eta lengoai aniztasuna” plazaratzea helburu duen proiektua irailaren 12tik urriaren 10era egingo dute, autonomia-erkidego horietako hainbat herritan. Iaz Foruan eta Arratzun egin zituzten ikuskizunak.