Nabarnizko mapa toponimoa berritu dute
Udal mapaz aparte, herriko lursail eta bideak jasotzen dituzten beste bi mapa egin dituzte. Mapekin herriko informazioa eskuragarri izatea bilatu dute.
Nabarnizko leku esanguratsuenak batzen dituen udal mapa eguneratu du Nabarnizko Udalak. Horrez gain, herriko lursailen eta bideen mapak ere egin dituzte; lursail guztiak banan-banan zehaztu dituzte lehenengoan, eta gehien erabiltzen diren bideak bigarrenean.
Mapa toponimoa gaurkotzeko beharrizana ikusi zuten udal arduradunek, aurreko mapa toponimoak hutsuneak zituelako. “Aurretik geneukan mapa duela 12 urtekoa zen, eta herriaren egitura asko aldatu da ordutik. Etxebizitza berri asko egin dira azken urteetan eta aldaketa horiek jaso ditugu oraingoan”.
Udal mapagaz herria “hobeto ezagutzea” bilatu dute, baita herriko auzoak zeintzuk diren eta leku bakoitzean zer aurki daitekeen jakinaraztea ere. Izan ere, herrigunea eta auzoak zehazteaz gain, ondare kulturala ere jaso dute: mendiak, kobazuloak, leizeak, elizak, ermitak, baserriak… jasotzen dira besteak beste. “Herriko memoria gordetzeko era bat da, eta herriaren egitura urteen joanagaz aldatuz gero, eboluzio hori ikusi ahalko da”, azaldu dute arduradunek.
Mapa berrizterakoan euskararen garrantzia azpimarratu dute, izan ere, herriko izen eta hitz toponimiko guztiak euskararaz jaso dituzte. “Izen batzuk hizkuntza irizpideak errespetatu barik idatzi ohi ziren, ahoskatzen diren moduan, eta beste batzuk, ostera, ez zeuden euskaraz”, azaldu dute eta horretarako Euskaltzaindiaren teknikari baten laguntza jaso dutela zehaztu dute. Izan ere, baserrien izenak idazterakoan zenbait zalantza zituztela argitu dute. “Kaleen izen zehatzak ikusi genituen, eta baserrien izenekin egon ziren zalantza Euskaltzaindiako teknikari bategaz argitu genituen”. Baserrien izenak jasotzea “beharrezkoa” zela diote, hori herriko ondarea delako: “Desegindako etxeei buruzko informazioa ere jaso dugu, eta baserrien izenak kalean zelan esaten diren bilduz”.
Euskaltzaindiako teknikarien laguntzaz gain, ADES espeologia taldekoen laguntza izan dute, eta egindako lana eskertu diete: “Leizeen eta kobazuloen kokapen zehatzen informazioa eman ziguten”. Halaber, mendi, leize, kobazulo, erreka, basakortak, mendi tontor eta inguruko ondare esanguratsuaren kokapen eta izenekin ere laguntza jaso zuten, eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Salburuordetza-tik jasotako laguntza eskertu dute.
Mapa toponimikoaren 1.000 ale argitaratu dituzte, udaletxean eskuratu ahalko dira. Era berean, udal webgunean ere kontsultatu ahalko da mapa.
Bi mapa gehiago. Udal mapaz aparte, herriko lursail guztiak batzen dituen mapa bat, eta baso bide erabilienak jasotzen dituen beste bat egin dituzte. Bi horiei esker udal arduradunek lursail eta bideen informazioa “errazago” eskuratuko dutela uste dute udal ordezkariek. “Herriko bide eta lursailei buruzko informazioa zehaztea bilatu dugu, baita informazio hori laster batean eskuratu ahal izatea ere. Izan ere, ustiaketak egiten direnean, jakin egin behar izaten dugu zein motatako bideetatik igaroko diren kamioiak eta bide horien zein zati erabiliko duten. Mapei esker, lan hori errazten zaie udaleko administrazioko langileei, izan ere, dagoeneko badakigu zelakoak diren bideak”, azaldu dute.
Bideen mapan, erabilera “gehien” dituzten bideak jaso dituzte, edota “esanguratsuenak” direnak. Pribatu edo publikoak diren, zelako luzera eta zabalera duten edota zelako zoladura duten zehaztu dute. “Bide bakoitzaren xehetasunak bildu ditugu, oso argi”.
Lursailen mapa lehenengoz egin dute. “Orain arte lursailak atalka jasota genituen, baina ez genituen denak mapa batean bilduta”, azaldu dute udal arduradunek. Mapa horretan herriko lursail guztiak zehaztu dituzte, “banan-banan”, eta bakoitza Urdaibain dagoen edo ez ageri da: “Nabarnizek 12 kilometro koadro ditu, eta zati bat Urdaibaiko eremuan dago”. Mapa honegaz, herritarrei bakoitzaren lursailaren informazioa eman ahalko diete, automatikoki jasotzen dutelako lursail bakoitzak zenbateko azalera duen edota norena den.
Geotech enpresak gidatu du proiektua, udalaren laguntzagaz. Proiektuak 14.520 euroko kostua eduki du, BEZa barne, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailaren diru laguntza jaso du. Jaurlaritzak %80ean (9.600 euro) lagundu du proiektua, eta gainontzekoa udalak jarri du.