"Gogotsu" hasi dira Xixilikoak
Etxetik sarean luzaroan entrenatzen ibili ostean, tapizean hara eta hona ibiltzeko irrikitan zeuden Xixili Gimnastika taldeko gimnastak. Hala ere, bakoitzak bere estera erabilita hasi behar izan dute.
Emakumeen kirola balioan jartzea lortu du Xixili Gimnastika taldeak. 28 urte daramatzate gimnastak hezten Busturialdean, eta bide bera egiten jarraitzeko “gogotsu” daude. Azkenengo urtea «gogorra» izan bada ere, aurrez aurreko entrenamenduetara buelta egin zuten Busturialdeko gimnastek orain bi aste inguru. Ohiko ikasturtea ez bada izango ere, “gogo handiz” itzuli dira.
Kategoria guztiak kontuan hartuta, 150 gimnasta inguru daude Xixilin. Bermeon eta Gernika-Lumon entrenatzen dute, eta diotenez, gimnasta gehiago daude Gernikan. Kategoria gehiago dauden arren, Xixili Gimnastika taldean lau kategoriatan banatzen dira gimnastak: eskolarteko bi talde daude, eta federatu mailan beste bi kategoria daude, oinarrizkoa eta absolutua.
Koronabirusaren pandemiak eragina eduki du Xixili Gimnastika taldean ere. Ikasturtea berezia izanik, urte honetan taldea utzi duten zenbait gimnasta daudela esan du Xixili Gimnastika taldeko presidente Itziar Saez de Okarizek: “Kontuan hartu behar da oraintsu hasi direla entrenamenduekin, denboraldi osoa eman dute entrenatu barik. Torneoak bai egon dira, baina guk ezin izan dugu parte hartu. Hortaz, aurten, federatuetako batzuek utzi egin dute, nahiz eta diotenez, badaukate buelta egiteko asmoa. Zortzi dira atsedena hartzea erabaki duten federatu mailako neskak. Unibertsitateko azken urteko ikasketak egiteko aprobetaxatuko dute”.
Eskolartekoan batzen dira neska gehien, eta gaur egun arazo bat daukatela dio taldeko presidenteak, “ez dagoela denak entrenatzeko lekurik”.
Txikien talde berri bat. Bermeon, antzinako Jose Done ikastetxean hasi dira entrenatzen, bai eskolartekoak bai eta federatuak ere; orain arte, horietako batzuek kiroldegian entrenatzen zuten. Gernika-Lumon, berriz, kiroldegian batzen dira entrenamenduetarako. Gernikan, gainera, aurten hasi berri den 4 eta 5 urte dituzten umeen talde bat ere martxan dagoela diote. Federatuak egiteko zain dauden zenbait neska ere badaude, zerrendak irekitzeko zain.
Azken hilabeteak “zailak” izan direla dio Saez de Okarizek: “Sarean ibili dira entrenatzen. Hasieran, federatuek bakarrik entrenatzen zuten. Gerora, eskolartekoak ere hasi ziren txikien mailatik aurrera. Txikienak, baina, oraintsu hasi dira aurrez aurre. Txikienekin zaila da sarean entrenatzea, gurasoren baten laguntza behar dute. Erakusteko ere oso zaila da, jakin egin behar dutelako zer den egiten ari direna; hori pantaila baten aurrean egitea zaila da”.
Internet baliatuta entrenatzen ibili direnak “gustura” ibili direla diote. Hautazkoa zela aipatu du, “etxe bakoitzaren egoera kontuan hartzekoa” baita.
Aurrez aurrekoetara buelta bai, baina egoera desberdinean itzuli behar izan dute. Gimnastak tapizean hara eta hona ibiltzeko irrikitan egon badira ere, moketa erabili barik entrenatzen hasi behar izan dute, “bakoitza bere esteragaz eta seiko taldeetan”. Bakoitzak bere estera erabilita, taldeko lana egitea “ezinezkoa” dela gogorarazi dute; “gimnastikaren munduarentzat koronabirusaren eragina nabaria izan da”.
Egoera horretan entrenatzaileak mantentzea ere “zaila” izan dela aipatu du taldeko presidenteak; iaz Alacantetik (Herrialde Katalanak) etorritako Paula Barcelo daukate entrenatzaile nagusia. Gimnasta txikienek, berriz, gimnasta nagusiagoen esanetara entrenatzen dute. Aparatu desberdinak kontrolpean izan behar dituzte, urtero aldatzen baitituzte. “Federazioak agintzen du horretan”. Aurten, pilotagaz eta mazekin trebatu beharko dute.
Lasterketak ere hasi dira, baina horiek ere sarean direla aipatu du presidenteak, eta orain artekoetan parte hartu ez badute ere, aurrera begira bai badaukate parte hartzeko asmoa; “aurrera egin beharra daukagu, ezin gara atzean geratu”.
Saez de Okariz presidentearen alaba Idoia Hormaetxeak urte asko daramatza taldean; 5 urtegaz hasi zen, eta 24 ditu. Osasun arazo bat tarteko, geldialdi bat egin beharra eduki du, baina bizkortzen denean bueltatu egingo da; asmoa dauka, bai eta gogoa ere. Ordu asko entrenatzea eskatzen duen kirola dela dio: “Federatuek astegunetan hiru egun entrenatzen dituzte, eta egun bakoitzean hiru ordu. Zapatu goizetan, berriz, lau orduko entrenamenduak egiten ditugu”. Asko eskatzen duen kirola dela dio: “Gustatu egin behar zaizun gauza bat da, ordu asko egin behar baitira”.
Entrenamendua eta ikasketak tartekatzea erraza al den galdetuta, gura baldin bada antolatu egiten zarela erantzun du Hormaetxeak. Saez de Okarizek dio denak oso ondo joan direla orain arte.
Espainia mailako txapelketetan parte hartu izan dute Busturialdeko gimnastek, eta Hormaetxeak dioenez, helburua ez da izaten txapelketa irabaztea, baizik eta denboraldi hasieratik amaierara hobetzea: «Norbere maila hobetzen joatea izaten da helburu nagusia».
2019, urte onena. Xixili Gimnastika taldearen urterik onenagatik galdetuta, 2019a izan zela diote ama-alabek: “Garazi Asla podiumera igo zen Espainiako txapelketan, hirugarren postuan sailkatu zen, eta gazteen bi taldeek ere diplomak jaso zituzten, lehenengo zortziren artean sailkatu ziren; laugarren postua lortu zuen taldeetako batek, eta seigarrena besteak”.
Bermeon sortu zen Xixili Gimnastika taldea 1993an. Urte batzuetara, hala ere, Gernika-Lumora zabaldu zen. Andres Uriondo eta Bego Usandizaga senar-emazteek eman zituzten taldearen lehenengo pausoak, eta egungo presidentearen arabera, eurak izan dira klubaren zutabe nagusietakoak urtez urte. “Andres hil arte berak egin izan du den-dena, berak zeraman ardura guztia. Hil ez balitz, ziur nago oraindik ere jarraituko zukeela presidente izaten, ilusioz lan egiten zuen. Federazioan sartuta ere egon zen, oso ondo ezagutzen zuen mundu hau”.
2018an hasi zen Saez de Okariz presidente lanetan, eta azken urtea zaila izan den arren, zuzendaritza taldean batera lan eginda, aurrera dihoaz. “Ea atzetik datozen umeen gurasoak ere animatzen diren; azken finean, denon artean egin beharreko lana da hau”.
Xixili Gimnastika taldeko ateak zabalik daudela gogorarazi dute; hortaz, gimnasia erritmikoa gustuko duten horientzako lekua dago. Izena eman gura dutenek Bermeoko edo Gernika-Lumoko kiroldegietara jo beharko dute; 4 urtetik gorako umeek izena eman dezakete. Txikienekin psikomotrizitatea lantzen dute, eta jolasen bitartez barneratzen dituzte gimnastika erritmikoaren mundura.