Motozikleten azterketa teknikoa egingo dute apirilaren 28an
Hiru urte baino gehiago dituzten motorrek egin ahal izango dute azterketa Gernika-Lumon bertan; berrikuspena egiteko tasa apirilaren 9an ordaindu beharko da
Gernika-Lumok motozikleten azterketa teknikoa herrian bertan egiteko aukera emango du apirilaren 28an. Hain zuzen, IAT (Ibilgailuen Azterketa Teknikoa) egiteko unitate mugikorra etorriko da, hiru urte baino gehiagoko motorrei azterketa egiteko. Gernika-Lumoko aterpetxean emango dute zerbitzu hori. Baldintza bakarra ipini dute: azterketa egin behar duten 20 ibilgailu egotea.
Hiru urte baino gehiago dituzten motorrek azterketa gainditu behar dute abenduaren 31 baino lehenago, araudiaren arabera. Kutsadura akustikoaren maila neurtuko du azterketak, baita ziklomotorren segurtasun eta seinalaztapen-elementuetan eta abiadura-mugatzailean arazorik dagoen ere.
Azterketa teknikoa egin gura duenak lehenengo tasa ordaindu beharko du: 28,75 euro. Kobraketa apirilaren 9an egingo dute, 11:00etan, aterpetxean bertan. Informazio gehiagorako 686 900 432 telefono zenbakira deitu daiteke.