Berri Txarrak taldearen dokumentalak emango dituzte Bermeon
Bihar, 'Iragana aurretik' lehenengo dokumentalaren emanaldia izango da, 19:00etan, Nestor Basterretxea aretoan.
Hilabete honetan, herritik irten barik, bermeotarrek Berri Txarrak musika talde ezagunari buruzko hiru dokumentalak ikusteko aukera edukiko dute.
Lehenengoa, Iragana aurretik izenekoa, bihar ikusi ahalko da. Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitza ardatz hartuta, taldearen 20 urteko ibilbideari gainbegirada ematen dio dokumentalak. Diskoaren grabaketaren irudiekin eta 2015. urteko biraren unerik onenekin osatutako lana da. Nestor Basterretxea aretoan izango da emanaldia, 19:00etan. Doan ikusi daiteke.
Martxoaren 17an (eguaztena) jarriko dute, berriz, bigarren dokumentala: Zertarako Amestu. Bigarren hau ere, doan ikusteko aukera izango dute herritarrek. Lehenengo dokumentala moduan, 19:00etan izango da Nestor Basterretxea aretoan.
Azkena, Dardara, hilaren 19an estreinatuko da Euskal Herri osoan, eta Bermeon martxoaren 20tik 22ra egongo da ikusgai, 19:00etan, Nestor Basterretxea aretoan. Sarrerek, kasu honetan, 5,20 euroko prezioa izango dute.