Basurdeek garaipenagaz hasi dute bigarren buelta
Ohorezko B Mailan Gernika Rugby Taldeak 3-43 irabazi dio Pasek Belenosi. Asteburu honetan Gaztediren kontra jokatuko du.
Ohorezko B Mailan liga hasi zutenetik partidurik galdu barik daude basurdeak. Asteburuan hasi dute bigarren buelta, eta garaipenagaz bueltatu dira Asturiasetik.
Gernika Rugby Taldeak 3-43 irabazi zion Pasek Belenos Avileseko taldeari, domekan.
Lehen itzulian hirugarren sailkatu zen Belenos, eta multzo buru talde gernikarra. Aurrekariak ikusita, basurdeek atzeman zezaketen neurketa zaila, korapilatsua, izango zela, eta aldi berean, bazekiten emaitza positiboa lortzeak sailkapenaren gorenean mantentzea ahalbideratuko zuela.
Gernika RTren jokalariek neurketa ondo menderatu zuten hasieratik amaierara arte. Lehen zatian, Gernikak aurrea hartu bazuen ere, zenbait oztopatu gainditu behar izan zituen. Neurketaren lehen momentutik gernikarrak nagusi izan ziren meleetan, eta partiduaren lehen hogei minutuetan, Siyabonga Masukuk lortu zituen basurdeen lehen puntuak, hiru zigor-ostiko baliatuz (0-9). Lehenengo zatia bukatzear zegola iritsi zen lehen entsegua Gaizka Iturriagaetxebarria durangarraren eskutik. Pasek Belenosek lehen zatian lortu zituen bere hiru puntuak, Tomas Rocaman argentinarragaz.
3-14ko markagailuagaz amaitu zuten lehenengo zatia. Bigarren zatian berdeguneko nagusitasuna markagailuan islatzea lortu zuten gernikarrek. Bigarren zatia hasi eta gutxira Tomas Alexis Bravo, Belenoseko jokalariak txartel horia ikusi zuen. Une horretan, zelaian bat gehiago izatearen abantaila baliatuz, Gernikak markagailuan tartea handitzeko aukera eduki zuen zigor ostiko eta entsegu baten bitartez (Jokin Eskolar). Gainera, Pasek Belenoseko Estanislao Camardoni ere txartel horia atera zion epaileak. Beste behin, egoera ondo aprobetxatu zuen talde gernikarrak. Juan Bautista Arranzek entsegua egin zuen.
Zelaiko nagusitasuna markagailuan islatuta zegoen, eta garaipena poltsikoan. Baina, basurdeek lanean jarraitu zuten azken unera arte, eta horren erakusgarri dira neurketaren azken bi minutuetako entseguak. Xabier Albizuak eta Andoni Martinek entsegu bana egin zuten garaipena borobiltzeko.
Jardunaldiko beste emaitzak. Bigarren buelta honetan, A multzoan dago Gernika Rugby Taldea, eta bost talde hauek daude multzo berean: Hernani KRE, Belenos RC, Bera Bera RT, Gaztedi RT eta Ourense RC.
Asteburuko emaitzei dagokionez, Bera Berak 11-25 galdu zuen etxean Hernaniren kontra, zapatuan, eta Gaztedik 24-40 irabazi zion Ourenseko taldeari, domekan.
Hurrengoa Gasteizen. Aurreko asteburuan bost puntu eskuratuta, asteburu honetan ere beste bost punturen bila zelairatuko dira basurdeak, Gasteizen.
Lehen itzulian laugarren sailkatua izan zen Gaztedi Rugby Taldearen kontra jokatuko du Gernika-Lumoko taldeak, domekan, Gamarran.
Gaur gaurkoz, Gernika RTk sailkapen orokorrean lehen postuari eusten dio 27 puntugaz, eta 13 puntugaz laugarrena da talde arabarra. Hernani bigarrenak 21 puntu ditu, eta Pasek Belenos hirugarrenak 14 puntu.
Emakumezkoen partidua, bertan behera. Bestalde, Emakumezkoen Euskal Ligan Gernika RTren eta Ordizia REren arteko domekako partidua bertan behera utzi behar izan zuten, COVID kasuengatik.