Olatz Arrizabalaga, eskuz binakakorako prest
Eskuz Binakako Master Cup-aren final-laurdenak jokatuko dituzte zapatuan [martxoak 6], Asteasuko frontoian. Olatz Arrizabalaga gernikarra Naroa Agirre zestoarragaz ariko da.
Emakumezkoen esku pilota txapelketarik garrantzitsuena bueltan da. Eskuz Binakako Master Cup Laboral Kutxa Txapelketa kategoria bakarrean lehiatuko dute aurten. Pilota mistoagaz ariko dira pilotariak (aurrekoetan pilota goxua eta pilota mistoan lehiatzen zuten).
Olatz Arrizabalaga pilotari gernikarrak azpimarratu du txapel hau irabaztea “oso berezia” litzatekeela beretzat: “Atzetik lan asko dago, eta horregatik ilusio berezia egiten dit. Pilota goxuagaz lehiatutako txapelek ere ilusioa egiten dizute, baina ez da berdina. Txapelketa horien atzean ez zen egon hainbesteko lan hori. Orain asko ari gara entrenatzen bikoteka jokatzeko. Ikusi dut buruz buru konpontzen naizela. Bikoteka jokatze horretan oraindik ikasteko asko daukat. Horretan lanean gabiltza, eta txapela lortzea egindako lanari saria izango litzateke”.
Zapatuan [martxoak 6] hasiko dute, eta Arrizabalaga Naroa Agirre zestoarragaz ariko da. Joko maila onean heltzen dira txapelketara. Bikote sendoa osatu dute, eta aukerak badituztela dio gernikarrak: “Naroa gugaz entrenatzen hasi da, eta gustura ari gara. Bai bera eta bai ni joko maila oso onean heltzen gara, konfiantzarekin. Partidu batera edozer pasatu ahal da, baina konfiantzarekin bagaude. Bikote nahikoa gogorra gara”.
16 pilotari, 8 bikote. Asteasuko frontoian lehiatuko dituzte lau final-laurdenak. Arrizabalaga eta Agirre Ainhoa Ruiz de Infanteren eta Arrate Bergararen kontra ariko dira, 16:30ean hasita.
Ustez gernikarra eta zestoarra dira faboritoak. Partidu ona eginez gero, “aurrera ateratzeko moduko partidua” dela uste du eskualdekoak. Ruiz de Infantek aurrean erakutsi ohi duen bizitasunari aurre egin beharko dio Arrizabalagak: “Atzean, Arratek egun ona badauka, atzelari oso sendoa da, eta gutxi huts egiten duena. Gure jokoa egitera joan behar gara, konplikatu barik. Hori eginez gero, partidua aurrera atera ahalko dugula uste dut”.
Goizez eta arratsaldez. Zapatuko jardunaldia bitan banatuko da, goizez bi partida jokatuko dituzte eta arratsaldean beste bi.
Goizean, A taldeko Irantzu Etxebeste-Olatz Ruiz de Larramendi eta Amaia Aldai-Gentzane Aldairen arteko lehiak irekiko du txapelketa, 12:00etan. Jarraian, B taldekoen txanda izango da; Leire Garai-Oihana Orbegozo eta Miren Larrarte-Ane Urkizu bikoteen artekoa 13:00etan hasiko da.
Arratsaldeko jaialdia ETBk zuzenean emango du, 15:30etik aurrera. Bertan arituko direnak A multzoko Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi/ Andrea Aldaregia-Nora Mendizabal eta B-ko Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirre / Ainhoa Ruiz de Infante-Arrate Bergara izango dira.
Kanporaketa hauetan irabazle irteten diren bikoteek martxoaren 20an jokatuko dituzte finalerdiak, 15:30etik aurrera, Irungo Urantzu pilotalekuan. Arrizabalagak eta Agirrek final-laurdena irabaziz gero, Larrarte-Urkizu eta Garai-Orbegozo final-laurdenaren bikote irabazlearen kontra lehiatuko lukete finalaurrekoa.
Iaz modura, finala ere Bidasoako herrian jokatuko da, apirilaren 4an, eta ETBk zuzenean emango du.
Pilotari gernikarrak esan modura, Agirre eta Ruiz de Larramendi dira txapela irabazteko faborito nagusiak. “Egia da beteranoenak eurak direla, esperientzia horrek asko laguntzen die. Uste dut momentu honetan Maite dela dagoen atzelaririk onena, eta beragaz aritzeak edozein aurrelariri lanak errazten dizkio. Iera aurrelari oso azkarra da, eta batez ere jokoa oso ondo ikusten du. Egia da beste bikote indartsu batzuk ere badaudela, baina faborito argiak eurak dira”.
Arduradunek azaldu dute azken urteetako ohiturari jarraituz, denboraldia binakako txapelketarekin hastea zela asmoa eta horretarako abenduan izen ematea zabaldu zuten, “asmoa txapelketa erabat irekia” egitea baitzen: “Beti bezala, pilotarien erantzuna sekulakoa izan zen, 80 emakumek eman baitzuten izena pilota goxoan eta beste 28k mistoarekin, pandemiak pandemia, emakumeek pilotan lehiatzen jarraitu nahi dutenaren seinale”. Hala ere, indarrean dauden mugikortasun murrizpenekin ezinezkoa egin da halako txapelketa handi bat osatzea eta Eusko Jaurlaritzarekin “formatu murriztu batean” goi mailako txapelketa bat antolatzea adostu dute.
FINAL-LAURDENAK (MARTXOAK 6)
- 12:00. Etxebeste/Olatz Ruiz de Larramendi-Amaia Aldai/Gentzane Aldai (A multzoa)
- 13:00. Larrarte/Urkizu-Garai/Orbegozo (B multzoa)
- 15:30. Iera Agirre/Maite Ruiz de Larramendi-Aldaregia-Mendizabal (A multzoa)
- 16:30. Ruiz de Infante/Bergara-Arrizabalaga/Naroa Agirre (B multzoa)