Lagunarteko akordioak, kantu bilakatuta
Bermeoko Etxekalte musika taldeak eta Habik bi kantuz osatutako single bat partekatuko dute. Elkar estudioan grabatu zituzten urtarrilean, eta udaberrirako kaleratu gura dituzte.

Bi talde gazte: Etxekalte eta Habi. Bermeo eta Villabonako taldeak, eta euren artean lagunak. Banda bateko zein besteko musikariak nahastuta, bi kantu sortu dituzte. Hala, lagunartean sortutako akordioak kantu bilakatu dituzte.
Urtarrilean grabatu zituzten kantuak Elkar estudioan, Victor Sanchezen zaintzapean. Hala ere, oraindik kantu horiek entzuteko zertxobait itxaron behar da, udaberrian kaleratuko dituzte eta. Oraindik data zehatza zehaztu barik daukatela esan du Etxekalte taldeko Iker Etxebarriak.
Elkarrek adierazi duenez, banda berri interesgarrienetako bi dira Etxekalte eta Habi. Udaberrian kaleratuko dituzten abestietan “gitarra bizi-biziak, erritmo sendoak, errepika gogoraerrazak eta egungo eszenako bi ahots onenatako bi” entzungo direla diote: “Ondorioa? Bi kanta bikain!”.
Arimak Denboran izena izango du single-ak. Etxekaltekoentzat proiektu “oso berezia” da. Hamazortzi ordutan eta lagunartean sortutako lana dela diote, eta emaitzagaz oso pozik geratu dira: “Jende ezberdina batzen denean, elkarlanaren bidez gauza asko sortzen dira ideiak batuta. Hortik, bide okerrak ere sortzen dira. Kantuen bidez esan gura dugu denen artean posible dela. Gutxi gorabehera, hori esan gura izan dugu. Hala eta guztiz ere, entzuterakoan bakoitzak bere interpretazioa izan dezake”.
Kantu berriak sortzen. Habi Etxekalte baino talde lasaiagoa dela dio Etxebarriak: “Gure moduan kantu tristeak egiten dituzte, baina askoz ere astiroago eta sentimentalago. Etxekalteren musika gogorragoa da”.
Etxebarriaren esanetan, Bermeoko talde gaztea kantu berriak sortzeko prozesuan dago momentu honetan; dagoeneko prest dituzte sei edo zazpi abesti. “Posible dutenean” estudiora sartzeko asmoa daukatela iragarri du, grabatzen hasteko: “Ezer baieztatuta ez badaukagu ere, ea posible dugun uda sasoian grabatzea”.