Gaurtik aurrera martxan egongo da Egin Kirola plataforma
Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri duen ekimena da, kirol jarduera sustatzeko. 3 eta 13 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.
Kirol jarduera sustatu asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiak Egin Kirola plataforma jarriko du gaur martxan, sarean.
3 eta 13 urte bitarteko haurrei zuzendutako ehun bat kirol saio eskainiko dituzte. Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak aurkeztu du gaur goizean proiektua. Esan duenez, aldundiak badaki zein den haurren kirol jardueraren arloan bizi den egoera; horregatik, gazteei kirola erraztu eta hurbildu guradie, “jarduera fisikoa hainbat lekutatik egin ahal izateko”.
Era berean, aldundiak hainbat kirol modalitate ezagutu eta praktikatzeko aukera eman gura du, eta Egin Kirola plataformaren bidez egingo duela dio Bilbaok: “egungo egoera nolakoa den ikusita, kirol jarduera haur guztiei hurbildu gura zaie, bai Eskola Kirolean parte hartzen dutenei bai oraindik ere horretara animatu ez direnei ere. Kirola edozein unetan modu erraz, dibertigarri, entretenigarri eta askotarikoan egiteko aukera eman nahi zaie haurrei, kirol arloko profesionalek emandako saioen bidez”.
Saioak apurka-apurka argitaratuko dituztela esan du Bilbaok, eta astero sei bideo berrirekin “gozatu” ahal izango dute haurrek, esteka honetan: www.bizkaia.eus/eginkirola.
Saioak kirol modalitateetan eta hiru adin tartetan egongo dira banatuta: 3 eta 6 urte bitartekoak, 7 eta 10 urte bitartekoak eta 11 eta 13 urte bitartekoak. Astero, bi saio argitaratuko dira adin tarte bakoitzerako, eta horrela, plataformak aukera emango du familian kirola “modu dibertigarri eta osasungarrian” egiteko.
Haurrek askotariko jarduera fisikoko saioak egin ahal izango dituzte: dantza, parkourra, pilates, yoga, herri kirolak, konba eta askotariko jolasak besteak beste, “haurren interesa pizteko eta kirola egitera animatzeko”.
Saio guztiak kirol arloko profesionalek emango dituztela azaldu dute, eta “modu dibertigarrian eta dinamikoan” eskainiko dira.