Xabier Enbeitak jaso du Ezetz Jakin lehiaketako herri mailako lehen saria
Parte-hartzaileen artean 'Praktikatu' zerbitzuaren materiala eta 20 euroko bono-saria zozketatu zituzten, eta Nati Mendezek jaso zituen sari horiek.
Gernika-Lumoko Berbalagunek antolatzen duen Ezetz Jakin lehiaketak bide digitala hartu du. Orain, Egunean Behin aplikazioa erabiltzen dute, eta jokoaren dinamikara egokituta, astero banatuko dituzte herri mailako sariak. Otsailaren 15eko astea izan zen lehiatu zuten lehengoa, eta Xabier Enbeita izan zen parte-hartzaile guztien artean onena.
Hori horrela, Enbeitak herriko ostalaritzako, merkataritzako edo zerbitzuetako establezimenduetan euskaraz gastatzeko 50 euroko bonoa eskuratu zuen.
Horrez gainera, parte-hartzaile guztien artean Praktikatu zerbitzuaren materiala eta 20 euroko bono-saria zozketatu zituzten, eta Nati Mendezek jaso zituen sariak.
Parte hartu. Lehiaketan parte hartzeko, Egunean Behin aplikazioa deskargatuta eta izena emanda eduki behar da. Ostean, mezu bat bidali behar da gernika_berba@aek.eus helbidera, telefono zenbakia eta Egunean Behin aplikazioan erabiliko den izena edo ezizena zehaztuta. Hori eginda, taldean sartzeko zer egin behar den azalduko diete arduradunek parte-hartzaileei.
Arduradunek argi utzi dute jendea edozein momentutan gehitu daitekeela lehiaketara.