Mario Lopez: "Gaur egun ditugun sentsazioak ez dira onak"
Lointek Gernika Bizkaiak Erregina Kopako lehenengo partidua lehiatuko du barikuan Teneriferen aurka. Azken asteetan taldekide batzuek COVID-19an positibo eman ostean, fisikoki taldea ez dago momenturik onenean.
Erregina Koparen lehen hitzorduan Tenerife izango du aurkari Lointek Gernika Bizkaiak. Barikuan, 17:30ean hasita, Fontetan jokatuko dute txapelketako final-laurdena, eta ez dela norgehiagoka erraza izango badakite talde gernikarreko jokalariek. Azken asteetan taldekide batzuek COVID-19an positibo eman ostean, fisikoki taldea ez dago momentu onenean.
“Egia esan, gaur egun ditugun sentsazioak ez dira onak. Konfinamendutik atera eta gero, hiru entrenamendu besterik ez ditugu egin; bitan 5 jokalari izan genituen, eta atzo 8 egon ginen”, azaldu du gaur Mario Lopez Lointekeko entrenatzaileak. Atzoko entrenamenduan, jokalariak zelan zeuden ikusten saiatu ziren, eta aurrekoetan baino entrenamendu “zorrotzagoa” egin zutela azaldu du entrenatzaileak. Horrek, baina, ondorioak izan ditu, nekearen eta bularreko minaren ondorioz lorik egin ez duten bi jokalari egon direlako: “Biak pasatu dute koronabirusa”.
Entrenatu duten jokalarien egoera fisikoa ere ez da oso ona. Entrenatzailearen berbetan, “jokalariak %30-%40an daude” fisikoki. Zortzik entrenatu dute gaur goizean, eta beste hiru PCR proben emaitzen zain daude, Valentziara Erregina Kopa lehiatzen joan ahalko diren esperoan. Gainera, aurreratu dutenez, Naiara Diez ez da Kopan egongo, “arazo pertsonalak tarteko”.
Hala ere taldearen egoera fisikoa egunak pasatu ahala “hobetzen” joatea espero du Lopezek, baina txapelketara zein egoeratan helduko diren jakitea “zaila” dela dio. “Ikusiko dugu 11 jokalariak izanez gero zelan gauden”. Falta diren hiru horiek positibo emanez gero, ezin izango dira Kopara joan, eta zortziko pertsonako taldeagaz lehiatu beharko dute txapelketa. “Asko zailduko lirateke gauzak. Gainera, barne jokoan aritzen dira falta diren hirurak. Saiatuko gara pentsatzen PCRak negatiboak izango direla eta 11 joan ahal izango garela Valentziara. Beste gauza bat da zein baldintzetan egongo garen aurreikustea”.
Marta Alberdi gernikarraren ustetan ere, koronabirusaren eragina “asko nabarituko” da jokoan. Hala ere, batzuetan, “gogoak fisikoak bainoa gehiago” eman dezakeela uste du: “Aste arraroa da hau, gu ere nekatuta gaude, baina asko batu gara talde modura, eta indartsuagoak gara”.
Tenerife, aurkari zuzena. Egunez egun taldeak zelan erantzuten duen aztertuko dute, ahalik eta egoerarik onenean lehiatu ahal izateko. Izan ere, ez dute aurkari erraza izango aurrean. “Badakigu Tenerifek zelan jokatzen duen. Maila gorenean lehiatzen den taldea da. Kalitate handia du talde bezala, baina duten bakarkako jokoa ere azpimarratzekoa da. Eurokopako partida parekatua daukagu erreferentzia modura. Partida taktikoa izan zen, defentsan aldaketa askokoa”, azaldu du Lopezek, eta partida “parekatua, gogorra eta oso taktikoa” espero duela dio.
Tenerifeko jokalariek “erritmo gehiago” dute, bi partida jarraian jokatu dituztelako. Hala, taktikoki jokatu beharko dute Lointekekoek: “Fisikoki gu baino askoz erritmo biziagoan daude. Beraz, taktika erabiltzen eta pistako jokalarien minutuak kontrolatzen saiatuko gara, kantxan dauden bostek momentu guztietan dena eman dezaten”.
Defentsan “intentsitatea” jaitsi beharko dute talde gernikarrekoek, eta beste defentsa batzuk erabili beharko dituzte: zonakako defentsa edota defentsa aldaketak esaterako. Erasoan, berriz, erasoko taktikak jokalariek ondo barneratuta dituztela dio entrenatzaileak. “Arazoa sistemak jokatzeko abiaduran egongo da. Burua nekatuta dagoenean gorputza ere nekatuta egoten delako, eta erabakiak ez direlako horren azkar hartzen”.
Hala ere, irabazteko gai dira. “Ligan eta Eurocupen jokatu dugu euren aurka. Badakigu kalitate handiko jokalariak dituen taldea dela. Erasoan oso joko ona dute, baina ligan irabazi egin genien eta Eurocupen ia-ia. Badakigu zeintzuk diren gure aukerak, eta gogotsu gaude”, adierazi du Itziar Ariztimuñok.
Paula Ginzok “erritmo lehiakorra” lortu gura du partidurako. “Erritmoa lortzen saiatuko gara, baina hori oztopo bihurtu gabe. Entrenamenduetan erritmoa lortzen saiatuko gara, baina gure betiko erritmoa lortzen ez badugu, jokatzen dakigun saskibaloi onagaz ordezkatuko dugu hori”.
Mario Lopez: “Partida parekatua, gogorra eta oso taktikoa espero dugu”
Alberdik gogoratu duenez, Asia Taylor jokalariak Tenerifeko taldea utzi du, eta jokalari horrek utzitako hutsuneak aprobetxatu beharko dituzte: “Hori aprobetxatu behar dugu. Talde oso gogorra da, korrika egitea gustatzen zaie, eta fisikoki oso ondo dago. Partiduko erritmoa guk eraman behar dugu, eta euren kontraerasoak saihestu beharko ditugu”.
Helburuak. Taldearen gaur egungo helburua egunak igaro ahala hobetzen joatea da. “Entrenamenduetan oso zuhur jokatu beharko dugu, eta kantitateari baino gehiago kalitateari erreparatu beharko diogu. Une garrantzitsuenetan gure indarrak erabiltzen saiatu beharko dugu, eta ditugun erasoko eta defentsako sistemak berreskuratzen saiatu. Garrantzitsuena, baina, lehiaketa-erritmoa hartzea da”, adierazi du gaur Lopezek.
Ariztimuñok eta Alberdik diotenez, final-laurdena irabaztea da lehenengo helburu nagusiena. “Kopan denen helburua da ahalik eta kanporaketa gehien gainditzea. Partida bakarrak dira, eta edozer gerta daiteke. Guk ahalik eta ondoen jokatu behar dugu, gozatu eta ahalik eta goren iristen saiatu”.
Gogoa ez zaie falta talde gernikarrekoei. “Taldea fisikoki gaizki dago, COVID-19a dela eta, baina motibazioari dagokionez, gogotsu gaude. Kopa ez da Ligako txapelketaren modukoa, Ligan partida batek gauzak apur bat alda ditzakeelako. Kopan mundu guztiak dauka motibazio handia eta gogotsu dago. Fisikoki ez gaude unerik onenean, zalantzarik gabe, baina hura daukagun gogoagaz ordezkatzen saiatuko gara”, dio Ginzok.
Gernika-Lumoko taldeak final-laurdena irabaziz gero, Valenciaren edo IDKren kontra jokatuko du finalaurrekoa. “Egia da Girona, Valentzia eta Avenida oso ondo indartu direla aurten. Oso partida onak egiten ari direla eta oso sentsazio onekin heldu direla Kopara. Baina Kopako edozein kanporaketa da oso zaila, eta edozeinek irabaz dezake. Aurrean duguna aurrean dugula ere, irabaztera aterako gara kantxara”, azaldu du Ariztimuñok.