Itoiz musika taldeari buruzko materiala biltzen ari dira
Artikulu, argazki, bideo edo soinu grabazioak batu gura ditu Doxa Producciones ekoiztetxeak, taldeari buruzko dokumentala egiteko.
Itoiz musika taldeari buruzko dokumentala prestatzen ari da Doxa Producciones ekoiztetxea, eta ikus-entzunezko materiala behar du horretarako. Hala, taldearen erregistroren bat izan dezaketen herritarrei dei egin die, material hori eurekin partekatzeko eskatuz, eta, horretarako, archivo@doxaproducciones.com helbide elektronikoa jarri du martxan. “Taldearen erregistoren bat izan dezaketen pertsona guztiengana heldu nahi dugu, artikulu, argazki, bideo edo soinu grabazioak biltzeko asmoz”, azaldu dute arduradunek.
Itoiz musika taldea 1976an hasi eta 1988an desegin zen. Ekoiztetxeko arduradunek diotenez, denbora tarte horretan “askotan” igo ziren Busturialdeko eszenatokietara: “Gure informazioen arabera, badakigu taldeak Gernika-Lumo inguruan askotan jo zuela: Bermeo, Busturia, Foru, Muxika, Gautegiz Arteaga edota Laga eta Laidako hondartzetan adibidez”. Ez dakite “zehatz-mehatz” zein egunetan eta zein urtetan aritu ziren toki horietan, baina Itoiz izenarekin ezagunak egin baino lehen, Indar Trabes izena erabili zutela azpimarratu dute. “Baliteke sasoi hartako materiala horrela oroitu edo gorde izana”, diote.
Orain artean informazio “ugari” batu duten arren, oraindik argitara atera ez den materiala egon daitekeela uste dute ekoiztetxekoek, eta material hori lortu gura dute, profesionala zein afizionatua izan, kalitatezkoa zein etxekoa izan. “Uste dugu, ziren garaiak izanda, erraza dela informazioaren zati handi bat denboran galdu izana edo erregistratua ez egotea. Baina badakigu sortu zenetik taldeak jarraitzaile ugari izan zituela eta litekeena dela partikularrek bildutako baina argitaratu gabeko materiala edukitzea”, azaldu dute ikus-entzunezkoaren arduradunek.